Proiektuaren aurrekontua 212.360,36 eurokoa da eta maiatzaren hasieran bukatzea aurreikusten da
DURANGO | Oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, Durangoko Udalak Zirarmendieta kaleko hegoaldeko espaloia berritzeko lanak hasi ditu. Obrak Larrasoloeta eta Urkiagatorre arteko zatian burutzen ari da eta maiatzaren hasieran bukatzea aurreikusten da.
Aurreikusitako jardueren artean dago hegoaldeko espaloia eta bidegorria zolatzea, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzeko. Halaber, drainatze-sareak egokituko dira, sareta berriak instalatuko dira hustubide egokia bermatzeko, eta hiri-altzariak jarriko dira, bankuak eta paperontziak barne. Gainera, bide-seinaleztapena berritu egingo da, horizontala zein bertikala, eta berdeguneak hobetuko dira belarkiak eta zuhaixkak landatuz, bai eta bidegorriaren biraketa-eremuan beste jardinera bat jarriko ere.
“Hobekuntza horiek aurrerapen handia ekarriko dute inguruko irisgarritasunean eta mugikortasun iraunkorrean, eta ingurune seguruagoa eta atseginagoa sortuko dute bertatik igarotzen direnentzat”, adierazi dute udaleko arduradunek.
Proiektuaren aurrekontu osoa, BEZ barne, 212.360,36 eurokoa da.