DOT Durangaldea

Durangok lizitaziora atera du Tabirako igerilekuetako kafetegi zerbitzua

Zerbitzua igerilekuak zabalik dauden bitartean emango da, ekainaren 11tik irailaren 13ra arte

Hilean 250 euroko gutxieneko lizitazio-kanona ezarri da

DURANGO | Durangoko Udalak, Durango Kirolak Erakunde Autonomoaren bitartez, lizitazio prozesua ireki du Tabirako udako igerilekuetako taberna-kafetegia ustiatzeko. 2026ko udako denboraldirako deialdia da, instalazioetako erabiltzaileei zerbitzu egokia bermatzeko asmoz.

Kontratuaren xedea udal taberna-kafetegia kudeatzea eta ustiatzea da. Horrek jendearen arreta, garbiketako lanak, mantentze-lanak eta espazioaren funtzionamendu egokia bermatzea dakar. Zerbitzua igerilekuen irekiera aldian eskainiko da: 2026ko ekainaren 11tik irailaren 13ra arte, biak barne, eta instalazioen ordutegi berberan.

Arlo ekonomikoari dagokionez, gutxieneko kanona 250 eurokoa da hilean (BEZ kanpo). Lizitatzaileek kopuru hori hobetu dezakete euren eskaintzetan. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, baina 2027ko eta 2028ko udako denboraldietarako luzatzeko aukera egongo da. Gainera, esleipendunak 1.500 euroko behin betiko bermea jarri beharko du.

Baldintzak eta eskakizunak

Lizitazioan parte hartzeko, gaitasun ekonomikoa egiaztatu beharko da (gutxienez 75.000 euroko erantzukizun zibileko aseguru baten bidez) eta baita gaitasun teknikoa ere (elikagaien higienean eta manipulazioan prestakuntza izatea). Esleipena egiteko garaian, hainbat irizpide hartuko dira kontuan: proposatutako kanonaren hobekuntza, antzeko zerbitzuetan izandako esperientzia, ostalaritza arloko prestakuntza, euskararen ezagutza eta emakumeen enpleguaren sustapena.

Taberna-kafetegiak egunero egon beharko du zabalik udako denboraldian, arreta jarraitua bermatuz eta indarrean dagoen araudia betez.

Interesa duten pertsona edo enpresek maiatzaren 5eko 15:00ak arte dute parte-hartzeko eskaera aurkezteko. Eskaerak Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez (https://www.contratacion.euskadi.eus) egin behar dira; bertan dago ikusgai lizitazioaren informazio xehe guztia.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top