DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangok Indarkeria Matxistaren Unitatea aurkeztu du

Berdintasunarekiko konpromisoa indartzeko Andragunean eskainiko den zerbitzu berria

Carlos García, Jesica Ruiz, Paule Sánchez eta Iker Urkiza zerbitzu berriaren aurkezpenean.
Carlos García, Jesica Ruiz, Paule Sánchez eta Iker Urkiza zerbitzu berriaren aurkezpenean.

DURANGO | Durangoko Udalak zerbitzu berri bat aurkeztu du gaur goizean. Indarkeria Matxistaren Unitatea Andragunera iritsi da, arazo horiei eraginkortasun handiagoz aurre egiteko. Izan ere, duela urte batzuetatik hona, Durangoko Berdintasun Kontseiluak, tokiko mugimendu feministaren ordezkari gisa, indarkeria matxistari modu integralagoan eta eraginkorragoan heltzeko beharra nabarmendu du.

Indarkeria Matxistaren Unitatearen eginkizun nagusia izango da indarkeria matxistaren kasuak detektatzea, laguntzea eta horien jarraipena egitea, baita biktimak berreskuratzeko estrategiak diseinatzea, koordinatzea eta horien jarraipena egitea eta indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazioa egitea ere.

Tokiko mugimendu feministak identifikatutako premien eta 1/2023 Legegintzako Dekretuak egindako aldaketen ondorioz, Udalak hainbat neurri esanguratsu ezartzea erabaki du, indarkeria matxistaren prebentzioan, sentsibilizazioan eta arretan egiten den lana indartzeko. Ahalegin horren ondorioz, indarkeria matxistan aditua den lanpostu tekniko bat sortu da, arlo horretako udal-estrategiak indartzeko.

Andragunean kokatuta, Indarkeria Matxistaren Unitatea indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen kasuak detektatzeko lekua izango da (bereziki tailerren bidez), eta horiek izan ditzaketen premiei erantzuteko gaitasuna izango du (informazioa, bideratzea, lehen arreta, ahalduntzea sustatzen duten jardueren eskaintza, etab.). Zerbitzu berri hori etengabe koordinatuko da berdintasun-arloko teknikariarekin eta dinamizatzailearekin. Arreta astelehenetik ostiralera goizez eta astearte eta ostegunetan arratsaldez izango da, 16:00etatik 19:00etara, Andragunean.

Paule Sanchez Arieta-Araunabeñak eta Jesica Ruizek, Durangoko Udaleko zinegotziek, babes eta bultzada irmoa adierazi diote sortu berri den Indarkeria Matxistaren Unitateari, gizarte berdinzaleago eta seguruago baterantz aurrera egiteko duen garrantzia azpimarratuz. «Ekimen hau Durangok emakumeen eskubideen defentsarekin eta gure tokiko mugimendu feministak adierazitako beharrei erantzun zuzena ematearekin duen konpromisoaren isla da».

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top