LAB Egunak egitasmoa Bizenta Mogel Liburutegian garatuko da
DURANGO | Otsailetik ekainera, hilabete bakoitzeko lehen ostegunean Durangoko Bizentza Mogel Liburutegia sormena, lankidetza eta belaunaldien arteko ikaskuntza sustatzeko espazioa bilakatuko da. Izan ere, udal liburutegiak LAB Egunak egitasmoa jarri du abian, adin guztietako pertsonentzako espazio irisgarri eta inklusiboa, 6 urtetik 99 urtera arte.
Ekimena hilabete bakoitzeko lehen ostegunean egingo da 17:00etatik 20:00etara eta Diana Franco (Baratza Digitala) izango da dinamizatzailea. “LAB Egunetan liburutegiko gela bat sorkuntzarako espazio irekia bilakatuko dugu. Bertan proiektuak prototipatzeko tresnak eta makinak aurkituko dituzu: 3D inprimagailua, laser mozketa makina, zirkuituak sortzeko material elektronikoa, diseinuak gauzatzeko ordenagailuak,… eta garrantzitsuena, pertsonak eta euren ezagutzak ere aurkituko dituzu”, aurreratu du Diana Francok.
Gauzak horrela, espazioa hainbat arlo tematikotan antolatuta egongo da, hainbat interes eta esperientzia maila estaltzeko diseinatuta:
Eskulanen txokoa:
- Ideiak garatzeko materialak, hala nola legoa, plastilina, pinturak, errotuladoreak eta papiroflexiarako materiala.
- Eskuzko proiektu txikiak inspiratzeko eta gidatzeko liburuak.
Proiektu txikien txokoa:
- Kartoizko gailu mekanikoak eraikitzeko baliabideak.
- Soinu elektronikoarekin esperimentatzeko tresnak.
- Scratch duten ordenagailuak, oinarrizko programazioa eta Makey Makeyrekiko interakzioa ikasteko.
Elektronika txokoa:
- Oinarrizko osagaiak eta proiektu elektronikoak prototipatzeko gailuak.
Fabrikazio txokoa:
- 3D inprimagailua, harizpi eta laser bidez ebakitzeko makina dituena, hainbat materialekin.
Ideien eta beharren panela:
- Prestakuntza-proiektuen proposamenak edo prestakuntza-iradokizunak partekatzeko gunea, pertsona guztien parte-hartze aktiboa sustatuz.
Txoko librea:
- Software libreari buruzko ezagutzak partekatzeko, diseinu pertsonalak garatzeko eta talde lana sustatzeko arloa.
Autoedizioaren txokoa:
- Fanzineak errealitate bihurtzeko beharrezko baliabideak.