Lehoiek puntu bat lortu dute Fuenlabradan, Bibiren binakoari esker markagailua iraultzea lortu duten arren

FUTBOLA | Athleticek puntu bat lortu du asteburu honetan F Ligako seigarren jardunaldian (2-2), golez eta abagunez betetako partida batean. Nautnesek etxeko taldea aurreratu zuen lehen laurdenean, Bibik markagailua irauli zuen bigarren zatian bi gol sartuta eta Ouzraouik markagailua itxi zuen. Honekin, 11 dira jada denboraldi hasiera honetan lehoiek batzen dituzten puntuak.
Zuri-gorriek aurreko astean Lezaman Atletico Madrilen aurka izan zuten inertzia berarekin hasi zuten partida, eta lehen abagune bikaina partidako zortzigarren minutuan iritsi zen. Jone Amezagak aukera bikoitza izan zuen, bigarren saiakera oso argia izanda, baina Madrid CFFren defentsarekin egin zuen topo, eta horrek bere jaurtiketa zapuztu zuen. Madrid CFF taldeak Ouzraouiren bitartez erantzun zuen, baina bere saiakera zutoina urratuz joan zen. Jokoaren kontrola lehoiek zuten eta Oguiza, Sara Ortegaren faltaren erdiraketaren ostean, gola sartzetik gertu egon zen. Bi aldiz irten zen jokaldi bera, baina amaiera bera izan zen. Valerok ere bere aukera izan zuen, baina bere burukada gora joan zen gutxigatik. Barkatu egin zuen Athleticek eta Madrid CFFk ez zuen 43. minutuan izan zuen aukera alferrik galdu: Nautnesek gola sartu zuen (1-0). Bigarren gola sartzeko aukera izan zuen Madrid CFFk, baina Nanclares bikain aritu zen beste gol bat saihesteko.
Erreakzio zuri-gorria bigarren zatia hasi bezain laster iritsi zen. Bibik bere ezkerra atera zuen eta faltaz berdinketa lortu zuen. Gol ederra, une hartan bidegabea zen markagailua berdintzeko. Alba Ruizek urrunetik probatu zuen madrildarren bigarrena egiteko, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen. Eta etxeko taldearen aukera batetik Athleticen abagunera. Agote zelaira sartu zen Amezagaren ordez, eta zutoinera bidali zuen bere lehen saiakera. Eta 62. minutuan iritsi zen markagailua iraultzeko gola: Madrid CFFren area barruan egindako jokaldi batean, Bibik bultzatu zuen baloia sareetara, buruz, bere bigarren gola sinatuz. Etxekoek ez zuten etsi eta Ouzraouik partida berdindu zuen (2-2). Bi taldeek gehiago nahi zuten, baina puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten.
Puntu garrantzitsua selekzioen geldialdiaren aurretik. Txapelketa urriaren 17an itzuliko da eta Athleticek Valentzia hartuko du Lezaman.


