DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangok asteazkenean abiatuko du merkataritza eta ostalaritza bonuen kanpaina berria

10.327 bonu jarriko dira salgai, webgunean eta HAZeko kutxazainean azaroaren 24ra arte

Kanpaina berria asteazken honetan hasiko da
Kanpaina berria asteazken honetan hasiko da

DURANGO | Durangoko Udalak, Dendak Bairen laguntzarekin, erosketa-bonuen kanpaina berri bat abiarazi du, tokiko kontsumoa sustatzeko eta herriko saltokiei eta ostalaritzari laguntzeko.

Interesa dutenek urriaren 23tik, 8: 00etatik, 2024ko azaroaren 24ra, biak barne, erosi ahal izango dituzte bonuak. Urriaren 23tik 27ra, bonuen erosketa Durangon erroldatutako pertsonentzat bakarrik izango da.

Urteko bigarren kanpaina honetan 10.327 bonu jarriko dira salgai. Bonu bakoitzak 15 euroko balioa du. Bezeroek bonu bakoitzeko 10 euro baino ez dituzte ordainduko, eta gainerako 5 euroak udalaren laguntzari dagozkio. Adinez nagusi bakoitzak gehienez 4 bonu erosi ahal izango ditu NAN bakoitzeko.

Bonuak eskuragarri egongo dira www.bonoa.durango.eus webgunean eta HAZen (Herritarrentzako Arreta Zerbitzua) dagoen kutxazainean (Barrenkalea, 17). Erosketa egitean, bonua formatu digitalean jasoko da posta elektronikoz.

15 euroko bonu bakoitza behin bakarrik erabili ahal izango da faktura edo erosketa-txartel bakar batean. Gehienez 15 euroko 2 bonu pila daitezke faktura berean. Bonua erosi ondoren, ezingo da itzuli.

www.bonoa.durango.eus webgunean kontsultatu ahal izango da establezimendu parte-hartzaileen zerrenda, eta etengabe eguneratuko da. Bonuak kanpainari atxikitako denda, taberna eta jatetxeetan erabili ahal izango dira. Alta eskatu ez dutenek bihartik aurrera, hilak 22, egin dezakete HAZen edo egoitza elektronikoaren bidez. Establezimendu bakoitzak gehienez 200 bonu trukatu ahal izango ditu. Muga horretara iritsiz gero, establezimenduek horren berri emango diete bezeroei.

«Gure erosketak hurbileko establezimenduetan egiteko unea da, horietan gastatutako euro bakoitzak gure herriko ekonomia indartzen eta gure egunerokotasunaren parte den enpresa-ehuna babesten laguntzen baitu. Bonuak erosita, deskontu zuzenez gozatzeaz gain, Durangoko denda, taberna eta jatetxeak suspertzen eta dinamizatzen ere lagunduko duzu “nabarmendu dute udal iturriek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top