170 kultur eragilek baino gehiagok begirada partekatua zuzenduko diote ondareari, erantzukizun kolektiboa den aldetik.

BIZKAIA | Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioaren programazioa aurkeztu du gaur. Jardunaldiok urrian zehar egingo dira Gure eskuetan lelopean. Programa Kultural hau guztiz kontsolidatuta dago. Izan ere, Europan ondarea zabaltzeko ekimen nagusietako bat ez ezik, Bizkaian kultur ondareari eskainitako urteko hitzordurik handiena ere bada. Hala, edizio honetan, doako 270 kultur proposamen baino gehiago eskainiko dira 77 udalerritan, eta 172 entitate antolatzailek hartuko dute parte, besteak beste, kultur elkarte eta entitateek, museoek eta udalek. Kopuruotan ikusten dugu proiektu kolektibo hori ez dela nolanahikoa: hainbat eta hainbat kultur eragile eta erakunde mobilizatzen ditu urtero kultur ondarea herritarrei hurbiltzeko.
Euskal Museo berrituan aurkeztu dira jardunaldiak. Bertan aritu dira Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatua, eta Amaia Apraiz Sahagún, edizio honetako edukien koordinatzaileetako bat, bai eta jardunaldien antolaketa-lanetan diharduten udalerrien, elkarteen eta erakundeen ordezkaritza handi bat ere.
Edizio honen gaia Europako Kontseiluak 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldietarako ezarritako ikuspegiarekin lotuta dago, eta azpimarra jartzen du ondarean eragin dezaketen arrisku eta mehatxuetan eta ondarea babeste aldera kolektiboki jarduteko beharrizanean.
Jardunaldiek, era horretan, gogoeta bat planteatzen dute, bai kultur ondarearen kalteberatasunari buruz, bai aurre egin beharreko erronkei gizarteak erantzuteko duen gaitasunari buruz.
Leixuri Arrizabalaga diputatuak azalpen hau eman du: «Gure eskuetan lelopean, edizio berri honek era zabal eta partekatuan begiratzera gonbidatzen gaitu. Gogorarazten digu denon ardura dela ondarea ezagutzea, zaintzea eta transmititzea. Izan ere, ondarea ez da zerbait geldia eta iraganari soilik dagokiona: legatu bizia da, gure orainaren parte, eta haren etorkizuna erakundeen eta gizarte osoaren inplikazioaren mende dago».
Eliza bat, dantza bat, paisaia bat, tradizio bat edo industria-jardueraren aztarnak: denak dira memoria kolektibo baten parte. Memoria horrek Bizkaia izan zena gaur egun denarekin lotzen du. Jardunaldiek, hain zuzen ere, lotura horietan jarri nahi dute arreta, eta lotura horiek bizirik mantentzeko beharrizanean.
Askotariko ondarea, herritar guztiei irekia
Urrian zehar, jardunaldiek kulturarekin eta memoriarekin elkartzeko gune handia bihurtuko du Bizkaia. Bisiten, tailerren, erakusketen, arte-jardueren eta beste proposamen batzuen bidez herritarrak gerturatu ahal izango dira lurraldeko ondarearen parte diren eraikin, paisaia, tradizio, kultur adierazpen eta beste hainbat elementutara.
Programazioak ondarean zeharreko ibilbide bat eskaintzen du. Ondare askotariko horrek bere dimentsio materiala eta immateriala uztartzen ditu, eta ikuspegi oso desberdinetatik deskubritu ahal izango da. Helburua ez da ondarea erakustea soilik. Haren balioaren gaineko begirada kontzienteago bat sustatu nahi da, eta hura ezagutzeak, baloratzeak eta babesteak duen garrantzian gainean sentsibilizatu.
Hala, urriak aukera emango digu Bizkaiari bestera begiratzeko, leku ezagunetara ikuspegi berrietatik hurbiltzeko eta batzuetan egunerokoan inori deigarri gertatzen ez zaizkien gune, istorio eta kultur adierazpenak deskubritzeko.
Aurreko edizio guztietan bezala, programazioa Europak ezartzen duen gaiarekin lotuta dago, eta oraingo honetan ondarean eragin dezaketen arrisku eta mehatxuak eta ondarea babeste aldera ekiteko beharrizana ditu ardatz.
Kolektiboki eraikitako ekimena
Aurten, Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa egingo da. Lurraldean errotutako kultur egitasmoa da, eta Europako Kontseiluak Europar Batasunarekin lankidetzan 1991tik bultzatutako ekimen baten parte. Gizartea kultur ondarea ezagutu, baloratu eta babestearen garrantziaz sentsibilizatzea da helburua.
Bizkaian, Jardunaldiak ahalegin kolektibo zabal baten emaitza dira. 2026ko edizioan 172 entitatek hartuko dute parte, tartean 79 kultur entitatek, 33 museok eta 60 udalek. Denek lagundu dute lurraldeko 77 udalerritara iritsiko den programazioa osatzen.
Bere 26 edizioetan, ekimenak ondare-komunitate handia sortu du Bizkaian, eta eragile askoren inplikazioa ahalbidetu du: kultur elkarteak, ikastetxeak, museoak, profesionalak, artisauak, herritarrak eta udalak. Lankidetza horri esker, jardunaldiak Europa-mailako ekimen erreferentzial gisa kontsolidatu dira kultur ondarea jendarteratu, kontserbatu eta balioesteari dagokion arloan.
Edizio berriak izaera parte-hartzaile horri eutsiko dio, eta ondarea herritar guztiei hurbiltzen jarraitzearen alde egingo du. Aldi berean, hausnarketa bat sustatuko du, bai legatu horrek aurrean dituen erronka eta desafioei buruz, bai gaurko belaunaldien erantzukizunari buruz, etorkizunean esanguratsua eta irisgarria izaten jarraituko duela bermatzeko.
Programazio osoa eta jardueren informazioa eta erreserbak kontsultagai daude www.ondareabizkaia.eus webean eta Instagram (@ondareabizkaia) eta Facebook (Ondarea Bizkaia) sare-sozialetako profiletan. Aurten, gainera, jardunaldiek WhatsAppeko kanal bat ere izango dute, Ondarearen Europako Jardunaldiak, haien egunerokoa gertutik jarraitu nahi dutenentzat.
Askotariko jarduerak
Aurten, Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiek programa kultural zabal eta aberasgarria dakarte, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta: 270etik gora jarduera 77 udalerritan.
Bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, itinerarioak eta beste kultur proposamen batzuk eskainiz, jardunaldiok kultur ondarea ezagutzearen eta babestearen garrantziaz hausnartzera gonbidatuko gaituzte.
Bisita gidatuak, itinerarioak eta esperientziak
Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien programazioak bisita gidatu eta ibilbide eta askotarikoak eskainiko ditu lurraldeko ondare kulturala, historikoa, industriala eta naturala deskubritu eta berrinterpretatzeko. Jarduerek hainbat toki ezagutzeko gonbita egingo dute: kultur paisaiak, meatzaritzako ondareguneak, gotorlekuak, azpiegitura hidraulikoak, baserriak, eraikin singularrak, portualdeak eta itsas eremuak eta memoria historikoarekin lotutako lekuak. Orobat, ibilbide tematikoak proposatuko dira, arkitektura, arkeologia, toponimia, lanbide tradizionalak eta ondarearen eta lurraldearen arteko erlazioa ardatz hartuta. Ibilbide horietako askotan, tokiko espezialistek eta eragileek bidelagun jardungo dute.
Hitzaldiak, topaketak eta gogoeta-guneak
Programak hainbat hitzaldi, mahai-inguru, solasaldi eta topaketa izango ditu ondarearen kontserbazioa, berreskurapena eta berrerabilera hizpide hartuta. Jarduera horien bidez, hainbat gai jorratuko dira, hala nola ondare arkitektoniko, industrial, dokumental eta immaterialaren babesa, zaharberritzearen erronkak, jakintza tradizionalen transmisioa, genero-ikuspegia memoria kolektiboaren eraikuntzan, eta ondare-arloko esku-hartzeen jasangarritasuna. Era berean, hainbat adituk jendaurrean partekatuko dituzte arriskuan dauden kultur ondasunak ikertu, berreskuratu eta balioesten izandako esperientziak.
Tailerrak eta jarduera parte-hartzaileak
Jardunaldiek herritarren zuzeneko parte-hartzea sustatuko dute adin guztietarako tailerren bidez. Programazioan, honako hauekin lotutako proposamenak jasotzen dira: ondareari aplikatutako teknologia berriak, tokiko argazkigintza eta memoria, gastronomia tradizionala, herri-jolasak, herri-kirolak, 3D inprimaketa, dantza, artisautza eta paisaiaren interpretazioa. Jarduera horien helburua da ondarearen ezagutza eta zaintza ikuspegi praktiko eta hurbil batetik sustatzea.
Erakusketak, ikus-entzunezkoak eta kultur adierazpenak
Honako hauekin osatuko da eskaintza: erakusketak, ikus-entzunezko proiekzioak, dokumentalak, lanbide tradizionalen erakustaldiak, kontzertuak, ikuskizunak, aurkezpenak eta bisita antzeztuak. Hala, Bizkaiko ondarea hainbat lengoaiaren bidez hurbilduko zaie herritarrei. Proposamen horietako askok fokua jartzen dute memoria kolektiboan, lurraldearekin lotutako kultur adierazpenetan eta tokiko komunitateen nortasunaren parte diren ondare-elementuak berreskuratu eta jendarteratzeko ekimenetan.
26 urte Bizkaiko jardunaldiak egiten
Dagoeneko 26 urte dira Bizkaia Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatzen hasi zela. Denbora horretan, kultur programa horrek euskal kulturaren arloko ondare egitasmo garrantzitsuenetako bat izatea lortu du.
Edizio bakoitza pertsona eta entitate askoren ahalegin kolektiboaren fruitu da. Egun, 170 eragilek baino gehiagok aktiboki parte hartzen dute ekimenean. Horrek argi erakusten du konpromiso partekatu eta transbertsala dagoela kultur ondarea jendarteratu, kontserbatu eta balioesteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako ahalegin kolektibo horri esker, lankidetza-sare sendoa osatu da. Sare horren laguntzaz, Bizkaia ondare-komunitate erreferentzial gisa kontsolidatu da, eta Europaren aitortza ere jaso du.
Jardunaldiok ondarea babesteko, ikertzeko, jendarteratzeko eta kontserbatzeko hainbat ekimenen sorrera eragin dute, eta eragile askoren arteko interakzioa sustatu dute, interes partekatu baten inguruan: ondare-balioak zaintzea eta jendarteratzea.
Edizio bakoitzean gai bat proposatuta, posible izan da ondarearen ezagutzan askotariko ikuspegietatik sakontzea: tipologiak, testuinguru historikoak, sortzaileen pentsamoldea eta kontserbazioaren garrantzia. Hautapen tematiko horrek ondare kontzeptuaren beraren eta hura osatzen duten elementuen bilakaera islatu du. Orain ohikoak diren hainbat kontzeptu, hala nola ondare immateriala, paisaia, lurraldea eta ondare-komunitateak, ezezagunak ziren duela 26 urte.
26 urte horietako gaiak:
Urrian, urtero-urtero, gai bat proposatzen dute, ondareari ikuspegi askotatik heldu ahal izateko, arreta berezia jarrita gizarte-inklusioan, jasangarritasunean eta parte-hartze komunitarioan. Industria ondarea (2001); Berreskuratutako ondarea (2002); Bizkaiko abadiak, komentuak eta monasterioak (2003); Burges etxebizitzak Bizkaian (2004); Ibilbidea Bizkaiko hiribilduetan zehar (2005); Burdinaren paisaiak (2006); Jaurerriko zelatariak: harresiak, dorreak eta gotorlekuak (2007); Baserriko bizimoduaren eta ofizio tradizionalaren ondarea (2008); Bizkaia bideetan zehar (2009); Sartu zeure historian (2010); Argiak eta aurrerapena (2011); Urria kultura garaia da (2012); Atzokoa biharko (2013); Etxez etxe (2014); Burdina (2015); Etxetik kanpo (2016); Paisaia Bizia (2017); Ondarea, emakumeen emaria (2018); Ondarea plazara! (2019); Kontaiguzu ondarea (2020); Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarri eta inklusiboa (2021); Ondarea loratuz, gozatu! (2022); Ondarea bizirik! (2023); Kulturaren bideak (2024); Ondare arkitektonikoa (2025), eta, aurtengo edizioan, Gure eskuetan (2026), arriskuan dagoen ondareari buruz.


