DOT Durangaldea

Durangaldeko bertsolaritzak esker oneko ekitaldia egingo dio Juan Mari Areitiori

Iurretan izango da, irailaren 19an herriko plazan, 12:30etik aurrera

Ekitaldia datorren irailaren 19an izango da Iurretan

IURRETA | Datorren irailaren 19an, Durangaldeko eta Euskal Herriko bertsolaritzak Juan Mari Areitiori bere esker ona adieraziko dio “Basamakatzak urdinsagarrari: Arietiori esker onez” deituriko ekitaldian. Iurretan izango da, herriko plazan, 12:30etik aurrera.

Gonbidatu bereziak izango dira bertan Juan Marirekin batera: bertsolaritzaren mundu ederrean egindako lagun zahar eta berrietatik hasi, eta bertsolari estimatuetaraino: Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Alaitz Areitio. “Durangaldeko Bertso Eskolak antolaturik eta Iurretako Kofradien laguntzarekin, bertsoak eta musika ez dira faltako. Gorka Valdes eta Hektor Folk izango dira bertan giroa alaitzeko. Eta etxekoen maitasuna, zelan ez”, azaldu dute antolatzaileek.

Ez da omenaldi bat, bere lana eta bertsolaritzan egindako ibilbidea aitortzeko eta eskertzeko ekitaldi bat baizik. Badaude gizarteagatik gauza iraultzaile edo berriak egiteagatik omentzen dituzten pertsonak, jaioterritik hasi eta eragin duten espaziorik handienetaraino. Eta badaude, inguruan iraultzarik edo berritasunik eragin ez, baina inguruan maitatuak eta ezinbestekoak diren pertsonak. Gure albotik umil eta zarata handirik egin barik igaro, baina bihotzeraino iristen zaizkigun pertsonak. Eta horietako bat da Juan Mari Areitio Elkoro”, gaineratu dute.

 

 “Basamakatzak urdinsagarrari”

Zer dela eta ekitaldiaren izena “Basamakatzak urdinsagarrari”? Bada, horretarako, Areitioren bizitza ezagutu behar da.

Juan Mari Areitio Elkoro Abadiñoko (Bizkaia) Gaztelu auzoan jaio zen, Burgizar baserrian, 1945eko maiatzaren 6an. Hargatik izan zuen “Gaztelu” deitura bertsotan hasi zenean. Perretxikotan ibili zalea umetatik, bere umearoa abere eta baserri artean igaro zuen, naturaren egunerokotasuna berea ere bilakaturik ia. 13-14 urte zituela baina, mutil batzuk bertsotan entzun zituen, eta horrek esnatu zion barruko harra, bertsotan egiteko harra.

Lehen plaza 1963an izan zuen, bere herriko Mendiola auzoan Juan “Kapela”, Igarzabal eta “Xepai” lagun zituela. Harrezkero ehunka saio izan zituen, eta sariketetan zein txapelketetan ere aritu zen. Errigoitik zein Elgoibarren sarri ibilitakoa da, urte luzez. Leku askotara musutruk joaten zen, baina berak esana du: “Ondo kobratuta bere asko egin ditut, eta debalde egindakoen damurik ez daukat, eginaren poza bai”.

Lehen txapelketa 1982an izan zuen, Euskal Herrikoa. Atzetik Araba eta Bizkaiko txapelketak ere etorri ziren, emaitza politak lortuta:

  • Txapelketa Nagusian parte-hartzeak: 4 (1982, ‘86, ‘89, ’93)
  • Araba eta Bizkaiko Txapelketan parte-hartzeak: 5 (1987, ’90, ‘92, ‘94, ‘96)
    • Emaitzarik onenak: 6. 1992an eta 7. 1987an.

Lau Txapelketa Nagusitan parte hartu zuen, eta bere bertsorik gogoratuenetariko bat 1989koan abestu zuen, Gernikan, abenduaren 3an. Bukaerako agurrean hauxe abestu zuen:

Hernanin eman nion hasera

eta Gernikan bukatu,

saiorik saio egingo nitun

ez dakit zenbat pekatu,

dedana baino gehio eman nahi

ta ez naiz gitxi nekatu,

zuek denok hau badakizue

inork ezin du ukatu,

baso makatza(r)i urdin sagarrik

ezin zaiola eskatu.

Lagun artean bertsotan egiteari utzi ez bazion ere, urte batzuk igaro behar izan ziren jende aurrean berriz abesten ikusteko. Durangaldeko Kopla Txapelketan 2013an, edota Bizkaiko Taldekako Txapelketan 2017an zein 2019an. “Ezin zitzaion urdinsagarrik eskatu, baina Areitiok eman dio Durangaldeari eta Euskal Herriari berea, eta horrexegatik egin gura die Durangaldeko Bertso Eskolak zein Euskal Herriko txoko askotan dituen lagunek esker oneko ekitaldi hau”, azaldu dute antolatzaileek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top