Hainbat herrik irteera hauek antolatu dituzte urteko azken egunerako bihar asteartea
DURANGALDEA | Urtero bezala, eskualdeko herriak kalera irtengo dira datorren asteartean, hilak 31, ospatuko diren San Silvestre lasterketetan parte hartuz.
Durango
Durangon, Sekulebedarra Kirol Klubak antolatuta, bi ibilbide egitea aurreikusi da: bata laburra, itzuli batekin, eta bestea, birekin, biak Santa Ana plazan hasi eta amaituko direnak. Lehen lasterketa zero eta hamar urte bitarteko haurrentzat izango da, 17:00etan; bigarrena, 11 eta 15 urte bitartekoentzat, 17:15ean; biak doan izango dira. Azkena 16 urtetik aurrera 17:30ean aterako da eta egunean bertan eman beharko da izena San Ana plazan, zazpi euroren truke.
Amorebieta-Etxano
Zornotzan, urteko azken egunean, abenduaren 31n, bi ekitaldi egingo dira. Goizean, Belatxikietako igoera tradizionala, zornotzarren arteko jarduera klasikoa urteari agur esateko. Zornotza Mendi Taldeak antolatuta, irteera 9: 00etan izango da Zelaieta Parkeko iturritik eta ibilbide xumea egingo da. 11:00etan, taldearen argazki handi bat aterako da Belatxikieta ermitaren aurrean, eta, ondoren, lunch bat izango da parte-hartzaile guztientzat. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea eta parte-hartzea irekia da mendi giroaz gozatu nahi duten guztientzat.
Arratsaldean, San Silvestre lasterketak herriko kaleak hartuko ditu, Amorebieta-Etxanoko Triatloi Taldeak antolatuta. Irteera eta helmuga Zelaieta parkean egongo dira. 16:30ean, 300 metroko lasterketa familiarra egingo da, eta, ondoren, 16:40an, 3,5 kilometroko lasterketa herrikoia, sailkapenik gabe eta giro lasai eta parte-hartzailean. Gainera, Amorebieta-Etxanoko Triatloi Taldeak 2 euro emango ditu parte-hartzaile bakoitzeko helburu solidarioetarako. Azkenean, helmugan, parte-hartzaile guztiek janariaz eta edariaz gozatu ahal izango dute.
Abadiño
Abadiñon eguerdiko hamabietan irtengo da Muntsaratzetik, futbito zelaiko aterpearekin batera eta Matienan amaituko da. Arratsaldean presoen aldeko elkarretaratzea egingo da 18:30ean, ekitaldi bat, topa eta saski baten zozketa egingo dira.
Berriz
Berrizen San Silvestre Berrizko Bira egingo da Patxi Urrejola mendizalearen omenez. Berrizko Gaztedi Kultur Taldeak antolatuta, jardunaldia Olakueta plazatik hasiko da 09:00etan. Izen-emateak proba hasi aurretik egingo dira. Ibilbidean zehar txorizo bokata eta salda egongo dira parte-hartzaileentzat.
Zaldibar
Zaldibarren kasuan, San Silvestre tradizionala 12.00etan hasiko da, udaletxeko plazatik. Zaldutrik sustatutako herri lasterketak 2,6 kilometroko ibilbidea izango du, Euskal Herria kalea, Solozabal industrialdea, Olazar futbol zelai zaharraren inguruak eta frontoia zeharkatuko dituen herrian zehar.* Oso erantzun ona izan ohi dugu eta jendea animatu egingo da “, iragarri zuten antolatzaileek.