Apirilaren 27tik maiatzaren 11ra arte ospatuko dituzte aurten San Prudentzio jaiak

ABADIÑO | San Prudentzio jaietako ospakizunetan murgiltzear da Abadiñoko Traña-Matiena auzoa. Apirilaren 27an emango diete hasiera, Donien Atxa jasota. Iluntze taldeak dantza saioa eskainiko du Txanbolin Txistu Taldearen eskutik, eta urteko pertsonarik ospetsuena sarituko dute. Maiatzaren 11ra bitartean, etenik gabeko jarduera sorta prestatu dute. Jaietako egitarauaren liburuxkarekin batera, ekitaldi bakoitzaren kostua agertuko da zehaztuta.
Maiatzaren 3an, zapatua, herritarrek mozorrorik irudimentsuenekin kalera irteteko aukera izango dute. Aurtengo gaia gastronomia izango da. Ostean, herri bazkaria egingo dute. Jaietako bigarren asteburuan, berriz, paella txapelketa eta Gazte Eguna egingo dituzte, beste kontu batzuen artean.
Kontzertuei dagokienez, Muntsaratzeko lokaletan entseatzen duten herriko bi musika taldek —Korroxion eta Lionels— kontzertua eskainiko dute. Era horretara, euren musika herritarrei aurkezteko aukera izango dute. Horiez gainera, Reincidentes, Katu, Tatta & Denso eta Xaukena Xauk taldeak izango dira. Erromeriak eta diskofestak ere prestatu dituzte, eta, berritasun bezala, Lekittoko Deabruak kale ikuskizun piroteknikoa ere izango da. Emanaldia ikustera joango diren horiei arropa egokia eramateko gomendatzen zaie; hau da, fraka luzeak, arropa zaharra…
Herriko emakume talde bat hainbat hilabetez aritu da kakorratzarekin jaietako banderatxoak diseinatzen, eta horiek erabiliko dituzte kaleak girotzeko. Oso eskertuta
agertu da Monica Iglesias Kultura zinegotzia: “Eskerrak eman nahi dizkiet jaien antolaketaren parte izan diren herritar guztiei: banderatxoak diseinatu dituen emakume taldeari, jai batzordeari, boluntarioei… Elkarlanean osatu dugu egitaraua, jaiak denok gozatzeko egunak direlako”.
Erasoen aurka
Jai-eremuan gerta daitezkeen erasoei aurre egiteko, indarkeria matxistaren aurkako informazio eta arreta gunea jarriko ditu Udalak. Herritar guztiak kontzientzia hartzea lortu nahi da hala, eta erasoren baten biktima izan diren zein erasoren bat edo egoera deserosoren bat ikusi duten herritarrak artatuko dituzte bertan.
Programazio osoa HEMEN