Udalak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, zabortegian hildako langileak gogoratu ditu
![](https://dot.eus/wp-content/uploads/2025/02/Eneritz-Azpitarte-dot-e1738855399371-386x300.jpeg)
ZALDIBAR | Bost urte bete dira 2020ko otsailaren 6an, Verter Recycling 2002 SL enpresak kudeatutako Zaldibarko zabortegia amildu zela, azken 40 urtetan Euskal Herrian gertatutako ingurumen hondamendirik larriena. Ezbeharrak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak eta AP-8 autobidea azpian harrapatu zituen; horrekin batera, hondakin artean zegoen amianto kantitate handi bat agerian geratu zen eta hurrengo orduetan zabor multzoak sua hartu zuen.
Gertaeraren bosgarren urteurrenean Zaldibarko Udalak adierazpen bat kaleratu du, aho batez, ordezkari politiko guztien aldeko botoekin onartuta. “Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, zabortegian hildako langileak gogoratzen ditugu, eta beraien senitarteko eta gertukoei udalaren eta Zaldibarko herriaren elkartasuna eta babesa adierazten diegu”, dio adostutako testuak.
Gainera, toki administrazioak amiltzearen inguruko erantzukizun guztiak argitzeko eskaera egiten du, eta helburu horrekin bere eskura dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen du. “Zaldibarko Udalak zabortegia gertatu zenetik langileen bilaketa, kaltetuen osasuna eta gertatutakoaren inguruko erantzukizuna aldarrikatu duten herritar eta kolektiboei beraien konpromisoa eskertzen die, eta hondamendia gogoratzeko antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko deia egiten die herritarrei”.
Era berean, Eneritz Azpitarte alkatea Eitzagan izan da eguerdi honetan. Lore-sorta bat jarri du Joaquin Beltrán eta Alberto Sololuzeren omenez, plazako oroigarrian, zaldibartar guztien izenean.
Oroimen ekitaldia
Urteurrenaren harira, igandean hilak 9 eguerdiko 12:30ean Zaldibar Argitu plataformak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratzeko oroimen ekitaldia deitu dute Eitzagan.