‘Atxarte Osatzen’ proiektuaren baitan, ingurumen-egoera bertatik bertara ezagutzeko eta lehengoratzeko aukerak aztertzeko jardunaldia izango da

ABADIÑO | Atxarte Osatzen proiektuak bisita parte-hartzaile bat antolatu du datorren larunbaterako, ekainak 20, Atxarteko bi harrobietara. Ekitaldi hau inguru hori berreskuratzeko prozesuaren baitan garatzen ari den herritarren parte-hartze egitasmoaren barruan kokatzen da.
Jardunaldian parte hartu nahi duten herritarrek honako xehetasun hauek hartu behar dituzte kontuan:
-
📅 Eguna: Ekainak 20, larunbata.
-
⏰ Ordua: Goizeko 10:00etan.
-
📍 Abiapuntua: Olondotik (Mendiola). Bertatik oinez abiatuko dira parte-hartzaileak.
Ibilbideari esker, bertaratutakoek harrobien gaur egungo egoera zuzenean ezagutzeko eta haien berreskuratzea zer testuingurutan planteatzen den sakonago ulertzeko aukera izango dute.
Jardunaldian zehar, gai honetan adituak diren bi lagunek hartuko dute hitza, harrobien ingurumen-egoerari eta haiek lehengoratzeko aukerei buruzko ikuspegi tekniko eta profesionala eskaintzeko:
-
Pilar Barraqueta: EKOSeko kidea (ingurumen arloko aholkularitza, ikerketa eta kontsultoretza erakundea).
-
Aitor Arrizabalaga: Biologoa eta GABAKo kidea.
Ideia trukea
Bisita eta hitzaldiak amaitu ondoren, topaketak Errekatxo Elkartean jarraituko du. Bertan luntxo bat eskainiko da, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko, iritziak partekatzeko eta proiektuaren inguruko ideiak lasaitasunez trukatzeko espazio gisa.


