Asteburuko tenperatura altuen ostean —Elorrion 39,4 graduko maximoa erregistratu zen igandean—, merkurioa jaisten hasiko da eta 30 gradu inguruan mantenduko da

EGURALDIA | Joan den asteburuko bero sargoriaren ondoren, astelehen honetan nabarmen baretuko da giroa. Kostaldetik gertu, tenperatura maximoak 30 ºC-tik beherakoak izango dira, eta barnealdean jaitsiera arinagoa izango den arren, termometroek atsedena emango dute. Zeruan erdi mailako hodeiak eta hodei altuak izango dira nagusi, batez ere egunaren bigarren zatian, eta kantauri isurialdean behe-hodei batzuk ere agertuko dira. Haizeak ahul eta aldakor joko du, baina orduak aurrera egin ahala ipar osagaiko haizea nagusituko da.
Asteartean, berriro gora
Atsedenak, ordea, gutxi iraunduko du. Asteartean, hego-ekialdeko haizearen sarrera berri batek tenperaturak nabarmen igoko ditu barnealdeko eskualdeetan. Kostaldea hego-ekialdeko haize honen eremutik kanpo geratuko denez, bertan igoera arinagoa izango da.
Arratsaldean, ipar osagaiko haizea sartuko da indarrez, giroa freskatuz eta beroa arinduz. Zeruari dagokionez, erdi mailako hodeien eta hodei altuen arteko tarteak izango ditugu, eta egunaren hasieran zein amaieran behe-hodei trinkoagoak espero dira kantauri isurialdean.


