Bizkaiko Batzar Nagusietan lantalde bat ari da kasu hori aztertzen

AMOREBIETA-ETXANO | EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde politikoek Mariluren, Down sindromea duen Amorebieta-Etxanoko bizilagunaren, egoerari buruz zabaldu duten informazioaren aurrean, Udalak Mariluri eta bere familiari laguntzeko konpromisoa berretsi nahi du.
Egoera hori Bizkaiko Foru Aldundiak, eguneko zentroetan plazak esleitzeko eskumena duen administrazioak, Marilu Amorebieta-Etxanoko Nafarroa Zentroan bertan dagoen adinekoentzako eguneko zentrora aldatzeko proposamena egin ondoren sortu da.
Horregatik, lehenik eta behin, eguneko zentroak arautzea Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena dela argitu nahi du Udalak, bai desgaitasuna duten pertsonentzako baliabideetan, bai adinekoentzako baliabideetan. Beraz, Amorebieta-Etxanoko Udalak ez du plaza horien esleipenari edo aldaketari buruzko erabakirik hartzen.
Udalak argi utzi nahi du Udaleko Gizarte Ekintzako saila etengabeko harremanetan egon dela hasiera-hasieratik erabiltzailearen familiarekin, udaleko talde politiko guztietako ordezkariekin eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kideekin, egoera aztertzeko eta Marilurentzat ahalik eta erantzunik onena bilatzeko.
Gaur egun, Bizkaiko Batzar Nagusietan lantalde bat ari da kasu hori aztertzen, eta irailean azterlan horren ondorioak ezagutaraztea aurreikusten da.
Bizkaiko Foru Aldundiak Marilu Amorebieta-Etxanoko Nafarroa zentroan mantentzea proposatu du, adinekoentzako eguneko zentroan. Aukera honek, gainera, prozesua trantsizio egokitu bidez laguntzeko Udalak duen konpromisoa jasotzen du, Mariluren beharrizanak ahalik eta gehien zainduz eta artatuz.
Amorebieta-Etxanoko Udalak ulertzen du familiaren kezka, baina beharrezkotzat jotzen du informazio zehatza eta osoa ematea.
Amorebieta-Etxanoko Udalaren konpromisoa da, eta uneoro izango da, Mariluri eta bere familiari laguntzea, baita erakunde eskudunekin lankidetzan aritzea eta Mariluri ahalik eta arretarik onena bermatzeko edozein erabaki hartzeko lan egitea ere.


