Guztira, 63 udalerri atxiki zaizkio ekimenari

LAUKIZ | Bizkaiko Foru Aldundiak Kirolur 2026 amaitu berri du. Bizkaia Kirolaren Europako Lurralde izendatua izan den urte berezi honen harira jarri zen abian udalerrien arteko kirol-liga hori. Ekimena herritarren jarduera fisikoa era parte-hartzaile eta kolektiboan sustatzera bideratuta dago, eta, haren hiru etapak amaituta, Laukiz izan da udalerririk aktiboena.
Hiru etapa horietan, Kirolur 2026 programak zenbaki hauek utzi ditu: 16.411 parte-hartze, 142.119 jarduera eta 1.757.916 kilometro oinez, korrika, bizikletaz edo lekualdatze aktiboko beste modalitate batzuen bidez eginak. Guztira, 63 udalerri atxiki zaizkio ekimenari.
Parte-hartzaileen % 46,2 emakumeak izan dira, eta 43 urte izan da batez besteko adina. Datuok ekimenaren helmena erakusten dute, milaka pertsona animatu baitira mugimendua eta jarduera fisikoa txertatzera beren eguneroko bizitzan.
Kirolur hiru alditan garatu da: udaberrian, apirilaren 15etik maiatzaren 15era; udan, ekainaren 15etik uztailaren 15era, eta udazkenean, irailaren 23tik urriaren 23ra. Parte hartu duen udalerri bakoitzak ekipo bat osatu du eta puntuak batu ditu herritarrek aplikazio mugikor baten bidez erregistratutako kilometro aktiboetatik abiatuta. Sailkapenean biztanleriaren araberako haztapen bat txertatu da, tamaina desberdineko udalerrien artean lehiaketa orekatzeko.
Laukiz udazkenean ere lehen buruan
Kirolur 2026ko azken etapan, udazkenean, Laukizek hartu du lehen postua, 1.207.453 punturekin. Haren atzetik, Loiu (923.386 puntu) eta Karrantza Harana (587.390 puntu) datoz.
Honela gelditu da udazkeneko sailkapena:
– Laukiz: 1.207.453 puntos
– Loiu: 923.386 puntos
– Karrantza Harana: 587.390 puntos
– Errigoiti: 435.051 puntos
– Muskiz: 293.050 puntos
– Zierbena: 271.129 puntos
– Bermeo: 229.118 puntos
– Galdakao: 205.997 puntos
– Gordexola: 193.040 puntos
– Artzentales: 171.236 puntos
Kirolur 2026ko sailkapen orokorra
Udaberrian, udan eta udazkenean lortutako emaitzak batu ondoren, Laukizko udalerria izan da Kirolur 2026ko udalerririk aktiboena, guztira 70 puntu lortuta.
Hona hemen edizioaren sailkapen orokorra:
– Laukiz: 70 puntos
– Loiu: 65 puntos
– Karrantza Harana: 54 puntos
– Errigoiti: 45 puntos
– Muskiz: 33 puntos
– Zierbena: 30 puntos
– Bermeo: 27 puntos
– Gordexola: 26 puntos
15.000 euro
Kirolur 2026k guztira 15.000 euro banatuko ditu sarietan, postu onenak lortutako udalerrien artean. Kopuru horiek udalek kudeatuko dituzte, beren ohiko prozeduren arabera, tokiko klubentzako kirol-materiala erosteko.
Hona hemen sarien nondik norakoak:
– Laukiz: 7.500 euro, honela banatuta: udaberria (1.200 euro), uda (900 euro), udazkena (2.400 euro) eta sailkapen orokorra (3.000 euro)
– Loiu: 4.800 euro, honela banatuta: udaberria (600 euro), uda (1.800 euro), udazkena (1.200 euro) eta sailkapen orokorra (1.200 euro)
– Karrantza Harana: 1.620 euro, honela banatuta: udaberria (200 euro), uda (300 euro), udazkena (400 euro) eta sailkapen orokorra (720 euro)
– Errigoiti: 480 euro, sailkapen orokorrean izan duen posizioagatik
– Muskiz: 360 euro, sailkapen orokorrean izan duen posizioagatik
– Zierbena: 240 euro, sailkapen orokorrean izan duen posizioagatik
Sari horiei esker, baloiak, sareak eta bestelako baliabideak eskuratu ahal izango dira kluben eguneroko jarduera sostengatzeko eta, erronkan zehar egindako ahalegin guztiari segida emanez, udalerrietan kirola egiten jarraitzeari begirako aukera berriak sortzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak udalei, klubei eta parte-hartzaile guztiei eskertu die izandako inplikazioa, ahalegin handia egin baitute ekimena jendarteratzen eta herritarrak oinez, korrika zein pedalez ibiltzera eta aktibo jarraitzera animatzen. Kirolur 2026 hiru etaparen ondoren amaitu da, baina egindako kilometroek, bereganatutako ekanduak eta klubetara iritsiko den materialak posible egingo dute haren bultzadak Bizkaiko udalerrietan jarraitzea.


