DOT Durangaldea

Artxandako Tuneletako Gau Krosean, urriaren 3an, 400 atleta bilduko dira

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako lasterketa horri esker, azpiegitura estrategikoa herritarrentzako kirol-esperientzia bilakatuko da gau batez

Froga zapatu honetan ospatuko da

KIROLAK | Artxandako tuneletan kirol-proba berezi bat egingo da datorren urriaren 3an, larunbatarekin, 20:30etik aurrera. 400 atleta abiatuko dira Artxandako Tuneletako Gau Krosean (2026) eta, gaueko herri-lasterketa horretan, aukera esklusiboa izango dute hiru tunelak zeharkatzeko zazpi kilometro inguruko zirkuitu itxi batean.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu du, Interbiak foru-sozietatearen bidez, eta Kutxabanken (gazte-kategoriarako sarien babeslea) eta Eroskiren (parte-hartzaileentzako hornidura-poltsen emailea) lankidetzarekin. Probak izaera solidario nabaria du: inskripzioetan bildutako funts guztiak Stop Accidentes eta Bizkaia garuneko gaitza elkarteei emango zaizkie, entitate bi horiek lan egiten baitute besteak beste trafiko-istripuetako biktimei eta haien familiei babesa eta laguntza ematen.

Proba orain arte inoiz antolatu ez den kirol-esperientzia bat izango da, azpiegitura estrategiko hori salbuespenez zabalduko baita herritarrek erabil dezaten eraberritze-lanetako funtsezko une batean. Kirol-erronkatik harago, lasterketak aukera emango du barrutik ikusi ahal izateko zer-nolako irismena duen Artxandako tuneletan egiten ari den eraberritze integralak. Gau batez, trafikoari erreserbatu ohi zaion gune bat kirolerako, partaidetzarako eta gozamen kolektiborako agertoki bilakatuko da.

Irteera eta helmuga Ugaskoko tunelaren barruan egongo dira, Pio XII.a plazaren parean, Txorierriranzko gorako noranzkoan. Puntu horretatik, parte-hartzaileek zirkuitu zirkular bat egingo dute, eta tunel nagusiak eta bide-guneko ordainlekua zeharkatu: Ugasko-Txorierri, Txorierri-Salbe eta Salbe-Ugasko. Ondoren, abiapuntura itzuliko dira. Bira bakoitza 3,5 kilometro luze izango da; beraz, korrikalariek bira bi egingo dituzte 7 kilometro inguruko distantziara iritsi arte.

Lasterketa hasi baino lehen, tunelak trafikorako itxi, eta behar diren egiaztapen guztiak egingo dira segurtasun-baldintzarik handienak bermatzeko. Ibilbide osoa mugarriz, seinalez eta argiz beteko da, eta, zirkuitu osoan zehar, langileak ere egongo dira antolakuntzarako, kontrolerako, asistentzia sanitariorako eta segurtasunerako.

Antolaketa-dispositibo zabala

Artxandako Tuneletako Gau Krosak 40 pertsona mobilizatuko ditu antolaketa-lanetan, eta proba ondo irteten dela bermatzeko behar diren zerbitzu guztiak izango ditu: hizlaria, hornidura-eremua, aldagelak eta kontsigna-zerbitzua.

Lehiaketan, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan sailkatutako lehen hiru pertsonei garaikur bana emango zaie, eta lehen postukoari txapela ere emango zaio. Horretaz gain, Gazte sariaren txapela eta garaikurra ere emango dira 18 urtetik beherakoen emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan.

Esperientzia paregabe horren oroigarri gisa, ibilbide osoa egiten duten pertsona guztiek oroitzapenezko domina bana jasoko dute. Gainera, kirol-materiala zozketatuko da, besteak beste, kirol-oinetakoak, motxilak, kirol-jertseak eta gourmet Seleqtia produktuak dituzten bi saski.

Dortsalak aldez aurretik jaso ahal izango dira Interbiaken egoitzan (Kanariar Uharteen kalea 19, San Inazio, Bilbao) ordutegi hauetan:

  • urriaren 1a (osteguna), 08:30etik 17:30era
  • urriaren 2a (ostirala), 08:30etik 14:30era

Irteera-eremuan ere bai:

  • urriaren 3a (osteguna), 18:30etik 19:30era

Dortsalarekin batera, probaren elastiko ofiziala ere emango da.

Eraginak trafikoan

Lasterketa dela eta, hiru tunelak itxiko dira larunbat arratsaldean. Interbiak-ek egindako plangintzaren arabera, azpiegitura guztiz itxita egongo da bi norabideetan, ordu-tarte hauetan:

  • Ugasko-Txorierri tunela:                       15:00etatik 23:59ra
  • Ugasko-Salbe tunela:                               17:00etatik 22:45era
  • Salbe-Txorierri tunela:                           19:00etatik 22:45era

Bestalde, zirkulaziorako irekita egongo dira leku hauek:

  • BILBO ERDIALDEA (Recalde zumarkalea – Salbe zubia) — BEGOÑA (Ravel Maurice etorbidea)
  • BEGOÑA (Ravel Maurice etorbidea) — BILBO ERDIALDEA (Salbe zubia – Rekalde zumarkalea)

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top