Udalerriak abuztuaren 14tik 16ra ospatuko ditu zaindariaren festak, eta musika kartel indartsua izango du, Anje Duhalde, Marte Lasarte eta La Txama taldeekin

MAÑARIA | Dena prest dago Mañarian 2026ko Andra Mari festetan murgiltzeko. Abuztuaren 14tik 16ra bitartean, herriak egitarau zabala hartuko du, zuzeneko musika, kirola, pilota, haurrendako ekintzak eta folklorea uztartuz. Aurten, festen hasierak izaera berezia izango du: Andra Mari Dantza Taldeak piztuko du txupinazoa abuztuaren 14an, ostirala, Pitxitxiri harrera egin ondoren.
Mañariako Udalak eta Festen Batzordeak omenaldi hau egin nahi izan diote taldeari, egindako 40 urteko ibilbideagatik. 1986an sortu zenetik, dantzari belaunaldi ugari igaro dira bertatik, eta herriko kultur eta festa ondarearen ezinbesteko zutabe bihurtu da.
Herri bazkaria
Pitxitxiren jaitsiera, txupinazoa eta herri bazkariaren ondoren, ostiral gauean musikak hartuko du plaza, erakargarritasun handiko kartelarekin:
-
Marte Lasarte: Borja Anton eta Pello Armendarizen (Skakeitan) proiektu berria, Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (ETS, Gari & Maldanbera) kideekin batera.
-
La Txama: Ibilbide sendoko musikariek osatutako festa-proiektua, giro alaia eta corrido tumbado doinuak uztartzen dituena.
-
Xaukena Xauk: Zaldibarko taldeak emango dio amaiera lehen eguneko musika egitarauari.
Mugikortasuna errazteko, Udalak doako gaueko autobus zerbitzua jarriko du Mañaria eta Durango artean 04:00etatik 06:00etara.
Anje Duhalde agertokian
Andra Mari Eguna meza nagusiarekin, dantzariekin eta pilota partiduekin hasiko da. Binakako norgehiagokan, Aingeru Bernaola herriko pilotaria izango da ikuskizunaren erakarpen nagusietako bat.
Arratsaldean, haurrentzako puzgarriak, karabina tiraketa eta Punpairez ikuskizuna egongo dira. Gaueko izar nagusia Anje Duhalde izango da, Errobi taldearen sortzaileetako bat eta euskal rockaren aitzindaria, bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin.
Mozorro Eguna
San Roque egunak emango dio amaiera festari Mozorro Egun tradizionalarekin. Aurten, mozorroen gaia ETB3ko marrazki bizidunak izango dira. Egunean zehar paella txapelketa, musika-bingoa eta Burrunba elektrotxaranga izango dira ikusgai.
Iluntzean Pitxitxiri agur esango zaio datorren urtera arte, dantzarien parte-hartzearekin eta kopla kantatzearekin batera. Azken ukitua Altxa Porru erromeriak jarriko dio festari.


