Koparako sailkapena lortzeko aukerekin helduko dira azken jardunaldira

FUTBOL | Urdinek bana berdindu dute Sestao Riverren aurkako derbian denboraldi honetan Urritxen jokatuko duten azken partidan. Gureak 18. minutuan aurreratu dira Ion Etxanizen golari esker, baina Jorge Garciak 29. minutuan kolpea bueltatu du. Horrela, SDAk azken jardunaldiari Errege Kopako postua lortzeko aukerekin ekingo dio. 2. Multzoan txapelketa honetarako ematen diren bost txarteletatik azkena eskuratzeko aukera ere badute Ebrok, 49 punturekin, eta Sestao River berak, 47 punturekin urdinekin berdinduta.
Norgehiagokaren atarian, merezitako hiru omenaldi egin dira berdegunean. Horietako bi SDAko Juvenil A eta Alevin 15 B taldeei, ligako txapeldunen garaikurrak jaso dituztenak. Gainera, Jon Larrea buru duen Zuzendaritza Batzordearen azken partida izan da Urritxen eta egindako lana eskertu diete.
Behin neurketa hasita, Riverrek arrisku gerturaketa pare bat sortu ditu. Hala ere, SDA izan da markagailuan aurrea hartu duena lehen ordu laurdena gaindituta Etxanizi egindako penalti bati esker. Etxanizek berak sartu du 11 metroetatik egindako jaurtiketa indartsuarekin pasa den denboraldian bere taldea izan zenari gola eginda. Ordu erdia bete baino lehen, bisitariek berdinketa itzuli dute Jorge Garciaren bitartez, duela hamar urte SDAn aritu zen jokalaria. Honek Zango gainditu du Asier Benitoren erdiraketa aprobetxatuz. Hortik atsedenaldira, derbiak abagune nabarmenik gabe jarraitu du.
Aldageletatik igaro ostean, Sestao River hamarrekin geratu da 49.ean, Franek bigarren txartel horia ikusi baitu. Hurrengo minutuetan, 2-1ekoa sartzetik oso gertu egon dira urdinak, bi aukera oso argi izan baitutuzte. Lehenengoan, Eliasen jaurtiketa ia atepetik atera du Gomezak. Ondoren, Ceballosen jaurtiketa gora joan da Etxanizen eta Arzalluzen arteko konbinazio on baten ostean.
83. minutuan, bi taldeek arriskua sortu dute. Zangok Sarriegiren gola saihestu du geldikako ekintza batean eta, jarraian, urdinek aukera paregabea izan dute. Rekak Torricorekin bat egin du eta aurrelariaren jaurtiketa atepetik atera du atzelari bisitari batek. 88.ean bederatzi jokalarirekin geratu da River Sarriegiri txartel gorria atera diotelako Arzalluzi egindako falta batengatik. Aurrekoetan gertatu den bezala, urdinei kosta egin zaie aukerak sortzea atzean sartuta defendatu behar zuen aurkari baten kontra eta ez du berdinketa hausteko modurik aurkitu.


