DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Amorebieta-Etxanoko kaleak kolorez jantziko dira inauteriak ospatzeko

Otsailaren 28tik martxoaren 4ra adin eta gustu guztietarako egitaraua antolatu da

Inauterietako jaiak otsailaren 28tik martxoaren 4ra luzatuko dira Zornotzan.

AMOREBIETA – ETXANO | Inauterietako jaiak ate joka daude eta udalerria azken prestaketetan dago murgilduta azken egunotan. Aurtengoan otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitartean ospatuko dira festak, adin guztietarako jardueraz beteriko egitarauarekin, tradizioa, musika, mozorroak eta animazioa uztartuz.

Programazioari dagokionez, jarduerak otsailaren 28an hasiko dira, 19:00etan, Perubeleren, Amorebieta-Etxanoko inauterietako pertsonaia nagusiaren, etorrerarekin. Ohiko moduan, Perubelek kalejira egingo du herrian zehar, kasu honetan Udazken gaitero taldeaz lagunduta, jai koloretsu hauei ongietorria emanez. Dena den, egun horretan bertan hainbat ekitaldi izango dira Perubele heldu aurretik; Nafarroa Zentroa, esaterako, jai giroan murgilduko da Viva Brasil inauterietako bazkari bereziarekin. Horren ostean mozorro lehiaketa egingo du eta DJ Koldoren emanaldia ere jasoko du. Era berean, arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara haurrentzako tailerra izango da ludotekan eta ondoren, Gaztedi Berri Fanfarriak giroa alaituko du Abasolo Apezpiku kalean. Perubele iritsi ondoren, Zelaieta parkeko karpan txorizo eta sagardo dastaketarekin eta jarraian DJ Xaiborren emanaldiarekin amaituko da eguna.

Martxoaren 1ean, larunbata, musika eta dantza izango dira nagusi herriko kaleetan, Udabarri Dantza Taldearen eta Kitturen emanaldiarekin. Arratsaldean, “Collage” tailerra egingo da inauterietako argazkiekin Gaztetxokoan eta Zelaieta parkeko karpak inauterietako photocall-a eta “Zirku-Gala” haurrentzako ikuskizuna jasoko ditu. Arratsaldearen amaieran, halaber, musika izango da protagonista nagusia, lehenbizi, Triki Piu Pand-en kalejirarekin, San Juan kaletik abiatuta Zezilia Gallartzagoitian amaitzeko; ondoren, Zornotzako Musika Bandak Euskal Herria plazan eta Harrison plazan eskainiko du kontzertua eta amaitzeko, Luhartz taldearen erromeriak itxiko du eguna Zelaieta parkeko karpan.

Martxoaren 2an Udabarri Dantza Taldea arituko da Zelaieta parkeko karpan, eta martxoaren 4an, berriz, Nafarroa Zentroko Viva Brasil desfileak emango dio hasiera inauterietako azken egunari, bertako erabiltzaile zein profesionalei zuzenduta. Arratsaldean zehar, ludotekak eta gaztetxokoak eskulan tailerrak eta Instagrameko mozorro lehiaketa bat egingo dituzte (azken hau lodotekan) eta ondoren haurrentzako magia ikuskizuna eskainiko da Zelaieta parkeko karpan. Azkenik, 19:00etan, Perubeleren agurrak amaiera emango die inauteriei, Zubiondotik Zelaietaraino kalejira eginez, Udazken gaitero taldeak eta Zinbulu Dantza Bertikala taldeak lagunduta.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top