Espazioak 506,81 m²-ko azalera du eta erabilera publikokoa izango da datozen 50 urteetan

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak Eubako pasabide ondoan aparkaleku gisa egokitutako lursaila erabiltzeko erabilera publikoko lagapena jaso du Euskal Trenbide Sarea – Red Ferroviaria Vasca (RFV-ETS) erakundearen eskutik eta horri esker, datozen 50 urteetan herritarrek aparkaleku-eremu berri hau erabiltzeko aukera izango dute.
Aipatutako lursailak 506,81 m²-ko azalera du, trenbide-sareko jabari publikoaren parte da, eta Euban oinezkoentzat egin den pasabidearen lanak amaitu ondoren egokitu da.
Gobernu taldetik adierazi dutenez, “ekimen honen bidez, Udalak inguruko aparkaleku-beharrak arintzea eta herriguneko mugikortasuna hobetzea du helburu, espazioa segurtasunez eta behar bezala erabiltzeko bermearekin”.
Hitzarmenaren arabera, Udalak bere gain hartzen ditu aparkalekuaren mantentze lanak, kontserbazioa eta segurtasuna, baita erabilera egokia bermatzeko beharrezko baimen eta lizentzien kudeaketa ere. Gainera, aparkalekua publikoa eta guztiz doakoa izango da.
“Lagapen honekin, Amorebieta-Etxanok bere azpiegiturak hobetzen jarraitzen du, herritarren mugikortasuna eta ongizatea sustatzen dituzten irtenbideen alde lan eta apustu eginez”, zehaztu dute.