Haizeguneetan 120 km/h-ko abiadura gainditzea espero da

EGURALDIA | Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu laranja eman du biharko, asteazkena, Bizkaiko haizeguneetan haizeagatik, 120 km/h-ko ufadak espero baitira. Gipuzkoa abisu horian egongo da.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, asteburu honetako haize zakarra gaur arratsaldean bertan itzuliko da Euskadira 100 km/h-tik gorako boladekin Bizkaiko haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Haizeguneak ez diren lekuetan haizea 70-80 km/h inguruan ibiliko da. Iragarpen horren aurrean, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du astearte honetan, 18:00etan, haizeagatik.

Bi lurralde horietan, alerta maila asteazkeneko 06:00etara igoko da, orduan alerta laranja bat sartuko baita indarrean, haizeak indarra areagotuko duelako eta 120 km/h-ko abiadura gainditu ahal izango delako. Haize-bolada gogorragoek eguerdi aldera baretuko dutela uste da.
Bihar, asteazkena, giro epela, hego-haize biziarekin. Tenperatura maximoak 17-20 ºC ingurukoak izango dira isurialde atlantikoan, eta 12-15 ºC ingurukoak erdialdeko eta hegoaldeko puntuetan. Zeruan ostarte batzuk ikusiko dira, baina erdi mailako hodei eta goi-hodei dezente egongo dira, oro har, eta zerua estalita egongo da. Gainera, noizean behin euri pixka bat egin dezake, batez ere barnealdeko zenbait puntutan. Nabarmentzeko modukoa da hego-mendebaldeko haizea, gogor joko baitu.
