Osakidetzaren detekzio goiztiarreko programak 48 urteko emakumeak hartuko ditu aurten, eta 2027an 45 urtetik aurrerakoetara zabalduko da

ABANTO ZIERBENA | Udalak, Gizarte Ekintza Sailaren bidez, bat egin
du Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Egunarekin. Horretarako, pankarta bat jarri du
udaletxeko balkoian, eta urri osoan egongo da ikusgai. Pankarta elebidunak “Gugatik, guztiongatik”
eta «Por nosotras, por todas» leloak ditu, egun honen ikur den begiztarekin batera.
Ekimen honekin, Udalak babesa adierazi nahi die gaixotasun hau duten emakumeei eta gizonei, baita haien familiei eta ingurukoei ere. Era berean, Osakidetzak agindutako detekzio eta baheketa probak egitera animatzen ditu herritarrak.
Urtero urriaren 19an egiten den egun honen helburua da mundu osoko emakumeak ohartaraztea zein garrantzitsua den bularrak aldizka aztertzea, edozein zantzu edo anomalia antzemateko.
Detekzio goiztiarra
Bularreko minbizia Euskadiko emakumeen artean tumore gaiztorik ohikoena da, baita heriotza gehien eragiten dituena ere. Garaiz antzematea funtsezkoa da, tratamendu eraginkorragoak eta ez hain agresiboak erabiltzeko aukera ematen baitu. Horrek bizi kalitatea hobetzen du eta biziraupen tasak handitzen ditu.
Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa 1995etik dago martxan Euskadin, eta astean 3.000 mamografia inguru egiten ditu. Tumoreak ahalik eta fase goiztiarrenean antzematea, heriotza tasa murriztea eta gaixotasuna duten emakumeen bizi kalitatea hobetzea ditu helburu.
Aurten, berrikuntza gisa, 48 urteko emakumeak ere hartuko ditu programak, eta 2027an 45 urtetik
aurrerako emakumeetara zabalduko da.


