DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Abadiñoko kontsulta loteslea izango da, Zelaietako erroldatuen % 27,32k bozkatu baitu

Auzoan mugikortasuna aldatzeko 5 proposamen bozkatu dira eta aste honetan zehar emaitzak jakinaraziko dira.

Aste honetan jakingo dira emaitzak
Aste honetan jakingo dira emaitzak

ABADIÑO | Joan den astean, maiatzaren 6tik 12ra, Abadiñoko bizilagunek Zelaietako kaleetan mugikortasunari buruzko herri-galdeketa batean parte hartzeko aukera izan dute, auzoan ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa nola antolatu nahi duten zehazteko. Erroldatutako 16 urtetik gorako 653 pertsonak hartu dute parte, horietatik Zelaietako bizilagunen % 27,32k; beraz, emaitza loteslea izango da.

Zehazki, Zelaietako mugikortasuna aldatzeko bost proposamen bozka zitezkeen, herritarren parte-hartzearekin eginak. Bost dira aldaketa-proposamenak:

1) N-636 errepidearen zati batean biribilgune berri bat eraikitzea, norabide guztietarako sarbidea ahalbidetuz;

2) Iturritxoko hegoaldea norabide bikoitzeko bide bihurtzea, barneko trafikoa ahalbidetzeko;

3) bizikletaz edo patinetez zirkulatzeko espazio seguru bat mantentzea, baina ordu jakin batzuetan ibilgailuen zirkulazioa ahalbidetuz;

4) Trinketeko aparkalekua antolatzea eta trafikoa berrantolatzea, oinezkoentzako guneak eta ibilgailuak ibiltzeko bideak argi seinaleztatuz; eta

5) Ferialekutik Trinketera jaisten den kalean noranzko bikoitza baimentzea, Solozabaletik Ferialekura doan kalea trafikoari itxiz.

Une honetan, udal arduradunak hautestontzietan jasotako datuak biltzen eta aztertzen ari dira, herritarrei bozketaren emaitza zehatzen berri emateko. Emaitza horiek bost proposamenetako bakoitzarekin dute zerikusia, eta astean zehar jakinaraziko dira.

“Herritarren parte-hartzea eta inplikazioa eskertu nahi dugu. Hau izan da Abadiñon egin den lehenengo herri-galdeketa, eta jendeak eman duen erantzunarekin gobernantza estilo irekiago baten hasiera izatea espero dugu, herritarren parte-hartze zuzenagorako tresnak eskainiz “, nabarmendu du Mikel Urrutia alkateak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top