Prozesua maiatzeko herri galdeketaren eta Traña-Matienako bilera irekien ondoren gauzatu da
ABADIÑO | Abadiñoko Udalak Txinurrisolo eta Zeletabe kaleetako zirkulazioari buruzko ordenantza eguneratzea onartu zuen ekaineko Ohiko Osoko Bilkuran. Ordenantza berri honek hiru puntu ditu zehaztuta. Aldaketa horretan, Udaletxeko zubiko mugikortasuna ere arautzen da.
Txinurrisolo kaleko 1. ataritik 9.era izango du eragina ordenantzak. Dokumentuaren arabera, salbuespenezko baldintzez gain, ibilgailuek baldintza hauetako bat bete behar dute sartzeko: ibilgailuaren helbide fiskala eremu horretan izatea, edo mugikortasun arazoak dituzten etxebizitzetako batean bizi den batek izendatzea. Baimen hori eskatzaileak lekualdatzeko eta karga eta deskarga txikiak egiteko emango da. Hala ere, ezin izango da zamalanetarako igaro astelehenetik ostiralera lanegunetan 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:30era; larunbatetan 12:00etatik 23:00etara; igande eta jaiegunetan 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Jarduera ekonomikoa duten saltokiekin lotutako zamalanak egin ahal izango dira tarte horretan, astelehenetik larunbatera, 9: 00etatik 11:00etara.
Bestalde, artikuluak Zeletabe kaleko bi eremuri buruzkoak dira. Alde batetik, 13. zenbakitik Solokoa kaleraino zirkulaziorako zabalik egongo da, beheranzko noranzkoan. Hala ere, ordutegia mugatua izango da eta honako ordutegi hauetan itxiko da: astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 09:00etatik 10:00etara eta 12:45etik 18:00etara; larunbatetan, 12:00etatik aurrera; igande eta jaiegunetan, 09:00etatik 22:00etara.
Azkenik, zubitik udaletxerako pasabidea arautu da, orain arte ezarritako irizpideei jarraituz. Oro har, oinezkoentzat baino ez da izango pasabidea, baina egoiliarrek ibiltzeko aukera izango dute. Halaber, zerbitzu publikoez hornitzeko edo objektu astun edo handiak hilerrira garraiatzeko, Udaltzaingoari jakinarazi ondoren. Eskola ordutegien inguruan, hamabost minutuko tarteak mantenduko dira ikasleak eraman edo jasotzeko.
Adostasuna
Orain arte, Txinurrisolo kaleko eta udaletxeko zubiko mugikortasunaren erregulazioa ez zegoen ordenantza batean jasota, eta egungo Gobernu taldeak trafiko ordenantza berrian sartzeko erabakia hartu du. Ordenantza horren eguneratzeak herritarren parte-hartze prozesu desberdinei erantzuten die. Alde batetik, bilera irekiak egin dira Txinurrisolo kaleko auzokide eta merkatariekin. Ordenantzaren iritzi eta xehetasun guztiak auzokideen postontzietara iritsiko dira.
Halaber, Zeletabe kaleari dagokion artikuluak maiatzaren lehen astean egindako herri galdeketan erabakitakoari erantzuten dio. Gobernu taldeak hilabeteek aurrera egin ahala baloratuko du berrikuntza horien eraginkortasuna, Abadiñon nobedade bat delako, eta balizko hobekuntzak entzuteko prest agertu da.