DOT Durangaldea

Abadiño esklerosi anizkoitzari ikusgarritasuna emateko mobilizatuko da

Jardunaldia maiatzaren 30ean ospatuko da Traña-Matienan, ‘Esklerosi anizkoitzaren alde mugi zaitez’ lelopean

Ernesto Miari, Edurne Maguregi, Karmele Garro, Iker Munilla eta Mikel, elkartasun jardunaldiaren aurkezpenean.

ABADIÑO | Abadiñok elkartasun erakustaldi handia hartuko du datorren maiatzaren 30ean, esklerosi anizkoitza duten pertsonen alde. Goizean aurkeztutako jardunaldi honen bidez, Traña-Matiena plaza elkarte, herritar eta tokiko eragileen elkargune bihurtuko da, gaixotasun neurologikoak gizarteratzeko eta ikerkuntzarako funtsak biltzeko helburuarekin. Ekimena Abadiñoko Udalaren eta Adembi (Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea) elkartearen eskutik dator, eta ‘Esklerosi anizkoitzaren alde mugi zaitez’ lelopean, askotan ikusezina den errealitate hau kalera aterako du.

Topaketa honek asmo bikoitza du: batetik, babes sozialeko sare bat sortzea eta, bestetik, errehabilitazioa, laguntza edo ikerketa zientifikoa bezalako zerbitzuetarako ekarpen ekonomikoa egitea. Udaletik adierazi dutenez, “zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat, familia bat eta ahaleginak zein egokitzapenak markatutako bizi-istorio bat dago”, eta erantzun kolektibo baten beharra azpimarratu dute.

Egitarau irekia

Egunerako prestatu den egitaraua publiko guztientzako irekia izango da, eta kirol jarduerak, musika, kultur proposamenak eta haurrentzako ekintzak uztartuko ditu, herriko elkarte, klub, saltoki eta boluntarioen inplikazioari esker. Antolakuntzan Ernesto Miari dantza irakasleak ere parte hartu du, ekitaldiaren bultzatzaileetako bat izanik. Miarik azaldu duenez, helburua plaza elkargune eta kontzientziazio gune bihurtzea da.

Testuinguru honetan, Adembik —Bizkaian erreferentziazko erakundea, 1.350 bazkide ingururekin— funtsezko rola beteko du berriro. Karmele Garro zuzendariak nabarmendu duenez, xedea “pertsonei gaixotasunaren bidean laguntzea” da, eta gogorarazi du elkarteko erabiltzaileen %91k bizi-kalitatean eta autonomian hobekuntza nabaritzen dutela. Mezu horrek isla du Iker Munilla (50 urte) abadiñarraren testigantzan; 29 urterekin diagnostikatu zioten gaixotasuna eta bere esperientzia ideia argi batean laburbiltzen du: “Aurrera egin” eta egunerokoan egokitu zaion errealitateari “alde onena ateratzea”.

 

 

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top