Athletic Clubek hitzartutako kluben alde egindako ekimena da

FUTBOLA | SD Amorebietak Euskal Non-League Day, Athletic Clubek bultzatutako oinarrizko futbolaren aldeko urteroko festaren hirugarren edizioan parte hartuko du martxoaren 22an eta 23an, gizonezkoen Lehen Mailako nazioarteko geldialdia aprobetxatuz. Euskal Non-League Dayren helburua da ordezkatzen dituzten klubek gizartean eta kirolean duten garrantzia nabarmentzea. Horretarako, ikusgarritasuna eta merezi duten aintzatespena publikoki emateaz gain, Athletic Clubek zozketa erakargarriak antolatu ditu herriko zaletasunek jaiarekin bat egin dezaten.
SARIAK
Parte hartzen duten klub bakoitzak Athletic Clubek antolatutako zozketetarako txartel sorta bana jaso du. Txartelaren prezioa 3 eurokoa da eta bildutako diru guztia hitzartutako klubarentzat izango da. SDAri dagozkion txartelak klubeko dendan, Txolongo tabernan eta Urritxeko sarreran eros daitezke lehen taldearen partida egunetan.
Honako hauek dira zozketatuko diren lau sariak (hiru sari orokor eta klub parte-hartzaile bakoitzeko sari bat):
– LaLigako partida baterako sarrera bikoitzak San Mamesen. Modu independentean zozkatuko dira parte hartzen duten kluben zelai bakoitzean. SDAren kasuan, zozketa SD Amorebieta-Osasuna Promesas partidaren atsedenaldian egingo da.
– Sarrera bikoitza, bidaia eta egonaldia bi lagunentzat, gizonezkoen lehen taldearekin batera, LaLigako partida batera, etxetik kanpo. (Athletic Clubek zozketatuko du martxoaren 24an, hitzartutako klub guztien artean)
– Players Zone VIPentzat sarrera bikoitza LaLigako partida batean San Mamesen. Taldeen aulkien ondoan kokatutako VIP eserlekuak eta estadioko VIP eraztunerako sarbidea ditu, partida hasi baino ordu eta erdi lehenagotik. (Athletic Clubek zozketatuko du martxoaren 24an, hitzartutako klub guztien artean)
– Bi lagunentzako pasea emakumezkoen lehen taldearen entrenamendu batera eta bisita gidatua Lezamako instalazioetara. (Athletic Clubek zozketatuko du martxoaren 24an, hitzartutako klub guztien artean)
Hiru sari nagusietako bat SDAri egokitzen bazaio, gure kanal ofizialetan jakinaraziko da, eta beste zozketa bat egingo da klubak saldutako zenbaki guztien artean.