Zerbitzu berriak akonpainamendua, orientazioa, informazioa eta laguntza eskainiko du
![](https://dot.eus/wp-content/uploads/2025/02/arreta-psikoemozionala-450x300.jpg)
ELORRIO | Udalak zerbitzu espezializatu bat jarri du martxan otsailetik aurrera eta urte osorako, indarkeria matxista jasan edo jasaten duten pertsonei akonpainamendua emateko, orientatzeko, informatzeko eta laguntzeko helburuarekin eta edozein indarkeria-adierazpeni aurre egiten dioten emakumeei eta sexu- edo generoizaeragatik indarkeria jasan duten LGBTI+ pertsonei emango zaie arreta.
“Zerbitzu hau atzemandako premiei erantzuteko beharretik eta pertsona horiek eta haien bizitzak erakundeen agendaren erdigunean jartzeko konpromisotik eratortzen da” adierazi dute gobernu taldeko arduradunek. Horrela, Sortzen Consultoria-ko psikologo bik artatuko dute eta Udaleko Berdintasun Arloak koordinatuko du. “Azpimarratzekoa da Indarkeria kasuetarako erakundeen arteko II. Koordinazio Protokoloko Tokiko Mahaitik eratorritako kasu guztiei erantzungo zaiela, besteak beste honako kontuak bermatzeko: pertsona horiek guztiek baliabide eta eskubide guztien berri izatea, krisi-uneetan laguntza eta babesa sentitzea eta horiek berreskuratzeko eta konpontzeko biderik egokiena eta pertsonalizatuena aurkitzea”, gehitu dute.
Zentzu horretan, kontuan izan behar da, “joan den ostiralean, hilak 7, egindako II. Protokoloaren Mahai Politikoan aurkeztu zen bezala, emakumeen aurkako indarkeria-kasuak oraindik ere gure artean daudela, indarkeriaren ikuspegia eta tipologia zabaltzen ari garela, kasuak konplexuagoak direla eta herritarrek erakundeei erantzun praktikoak eta eraginkorrak eskatzen dizkietela”.
Zerbitzu hori eskatzeko, Udaleko Berdintasun Arlora, Udaltzaingora, Gizarte Zerbitzuetara eta Elorrioko Osasun Zentrora jo daiteke. Konfidentzialtasuna, intimitatea, errespetua, arreta eta malgutasuna izango dira profesionalen jardun-printzipioak.