DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Berba Lapikok Amorebieta-Etxanoko kultur aniztasuna sustatuko du

Hilabete osoan zehar tradizio ezberdinen ezagutzan oinarritutako liburu eta material bereziak eskainiko dira

Berba Lapiko ekimenak kultur aniztasuna izango du ardatz.

AMOREBIETA-ETXANO | Hilabete honetan zehar Berba Lapiko ekimenak kulturartekotasuna izango du ardatz, udalerrian elkarrekin bizi diren kultura ezberdinek dakarten aberastasuna azpimarratzeko, ezagutzak partekatzeko eta horren inguruan hausnartzeko. Izan ere, “gero eta gehiago dira Amorebieta-Etxanora beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonak eta elkar ezagutzea eta integratzea funtsezkoa da elkarbizitza indartzeko eta herriko bizitza kulturala aberasteko”, adierazi dute gobernu taldetik.

Hori dela eta, otsailean zehar, Berba Lapikok liburutegian kultura eta tradizio ezberdinen ezagutzan eta balioan oinarritutako liburu eta material bereziak eskainiko ditu. Gainera, otsailaren 22an, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunari lotuta, kulturarteko ipuin-kontaketa saioa egingo da, herriko ikastetxeetako guraso elkarteen laguntzarekin. Ekintza honetan, ikastetxeetako jatorri desberdinetako familiek ipuinak euskaraz eta herrian hitz egiten diren beste hizkuntza batzuetan kontatuko dituzte, parte-hartzaileei beste tradizioetara hurbiltzeko aukera eskainiz, eta aldi berean, familia etorkinak euskarara hurbilduz.

Berba Lapiko egitasmoa udal liburutegian kokatutako gune bizia da, bizitzarekin eta herriarekin zerikusia duten gaiak jorratzea delako ekimen honen helburua. Egitasmoak, halaber, bi arrazoiengatik hartu du izen hori: lehena, berba, hitz, gai, liburu, komiki, amets, jakintza, eta ilusio askoren lapikoa izan nahi duelako eta bigarrena, kontu, berba, eta errealitate anitz eta askoren berri emango duelako.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top