Otsailetik maiatzera bitartean Euba, San Miguel, Etxano eta Boroa auzoak biziberritzeko jarduerak ugariak izango dira
AMOREBIETA-ETXANO | Udalerriko landa-auzoak biziberritzeko eta kultur zein gizarte ekintzak Amorebieta-Etxanoko auzoetara zabaltzeko helburuarekin sortu zen Bertokoak Berton programa eta, urte berriarekin batera, egitasmo honen bitartez, jarduera ugari eskainiko dira, otsailetik maiatzera bitartean, Euba, San Miguel, Etxano eta Boroako auzoetan, herritar orori zuzenduak.
Iaz bezala, auzo bakoitzak bere egitaraua izango du, kultur, gastronomia zein gizarte arloko proposamenez osatua, hala nola, collage, zeramika, txalaparta, kriseilu edota midori tailerrak, zein gazta eta ostren dastaketak. Horrez gain, auzo bakoitzak ekintza bereziak izango ditu, gainerako ekintzen moduan, auzoz-auzo errepikatuko ez direnak eta berrikuntza gisa, programari amaiera emateko Pasaiara irteera egingo da, ekainaren 7an.
Egitaraua
- Kriselu jasangarriak: material jasangarriak erabiliz (paper birzilatua, zuhaitz-adarrak, loreak, hostoak….) ingurugiroarekin begirunetsuak diren kriseilu ederrak sortzeko ikastaroa Euban eta Etxanon eskainiko da. .
- Txalaparta tailerra: Tailer hau Boroa eta San Migelen egingo da, euskal musika tresna tradizionala hau jotzen ikasteko.
- Midori tailerra: midori bat Japonian oso ezaguna den bidaiatzeko koaderno bati dagokion izena da, horrenbestez, tailer honen bitartez, parte-hartzaileek horrelako koaderno bat egiten ikasiko dute. Tailerra Etxanon eta Euban eskainiko da.
- Kalabaza tailerra: Euban egingo da eta kalabaza oinarri hartuta 4 kontserba mota sukaldatuko dira, gozotik gazira.
Lau auzoetan egingo dira:
- Gazta dastaketa, garagardo artisauarekin: ekintza honen bitartez gazta ezberdinak dastatu eta garagardo artisauekin uztartu ahal izango dituzte parte-hartzaileek.
- Ostra tailerra eta dastaketa: Ostrak irekitzeko teknika ikasi eta dastatu egingo dituzte parte-hartzaileek.
- Zeramika tailerra: Zeramikako tailer praktikoa, pieza bat eraiki eta hainbat materialekin trebatzeko.
- Collage tailerra: Ines Bermejo Larrañaga artista bisualaren eskutik, teknika propioa bilatuz, pertsona bakoitzaren sormena eta originaltasuna garatuko da.
Landa auzoak integratzeko eta dinamizatzeko helburuarekin, ekintza bereziak ere programatu dira. Hala nola, Etxanon, Gurutze Beitiaren bakarrizketa eskainiko da otsailaren 22an, umore eta bizitzako anekdotaz beteriko ikuskizuna eskainiz. Bestalde Euban, Gonzalo Portugalen kontzertua eskainiko da, maiatzaren 10ean.
Ekitaldi sorta borobiltzeko, ekainaren 7an Pasaia aldera irteera antolatu da. Bertan, parte-hartzaileek itsas historia jasotzen duten Albaola Itsas Faktoria bisitatuko dute eta bazkaria ere eskainiko zaie bertan. Jarduera honetan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 2a baino lehen eman beharko dute izena, Udalak jarritako formularioaren bidez.