Jarduketaren aurrekontua 97.498,43 eurokoa da, BEZa barne, eta bi hilabeteko epea dago gauzatzeko
BERRIZ | Herriko argiteria publikoan energia gehiago aurrezteko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko, Berrizko Udalak Agirre Lehendakariaren Pasealekuko eta Berrizburuko sarbideak eta jolas- eta kirol-guneko egungo argiztapen-sistema berritzeko obrak lizitatu ditu. Zehazki, bi eremuetan azken belaunaldiko LED teknologiako ekipoak instalatuko dira. Horri esker, pasealeku eta bide horietako argiztapen-mailak hobetu ahal izango dira, eremu horretan segurtasun handiagoa bermatuz eta energia asko aurreztuz.
Agirre Lehendakariaren Pasealekuko argiteriari dagokionez, gaur egun 24 argi esferikoz osatuta dago, eta orotara 40 urte baino gehiago ditu. Beraz, oso instalazio zaharra da, ez oso eraginkorra, eta goi-hemisferioarekiko argi-kutsadura handia eragiten du.
Era berean, Berrizburu inguruko jolas- eta kirol-guneetako oinezkoentzako bideen eta pasealekuen argiteriak 42 argi ditu, guztira 20 urte baino gehiago dituztenak. Beraz, egungo argiztapen-sistemaren ordez, mota bereko argi berriak jartzea proposatzen da, baina LED teknologiaz hornituta.
“Argi berriekin, bi instalazioak gaur egun eskatzen diren jasangarritasun- eta efizientzia-irizpideetara egokituko dira, eta energia asko aurreztea lortuko da. Gaur egungo instalazioekin alderatuta, jarduketa honek % 49,6ko eta % 65,4ko aurrezpen ekonomikoa suposatzen du urtero jarduketa-eremu bakoitzean”, azaldu dute udaleko arduradunek.
Lanen aurrekontua 97.498,43 eurokoa da, BEZa barne, eta jarduketaren zati bat Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ingurunearen eta Nekazaritzaren Sailak emandako dirulaguntzarekin ordainduko da, 41.739,75 euroko balioarekin, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko jardueretarako.
Hornidura- eta instalazio-lanak egiteko proposatutako epea bi hilabetekoa da, kontratua formalizatzen denetik kontatzen hasita, eta eskaintzak aurkezteko epea urtarrilaren 15eko 14:00ak arte egongo da zabalik.