Popularrek EAJk eta PSEk proposatutako kontuen alde bozkatzen badute, euren botoa ezezkoa izango dela aurreratu dute
DURANGO | Durangoko gobernu taldeak (EAJ-PSE) PPrekin lortutako akordioaren berri eman ondoren, EH Bilduk bere jarrera azaldu du. “Udal gobernuak nahiago izan du aurrekontuak PPrekin adostu, EH Bildurekin baino”, nabarmendu du. Azaldu dute abstentzioa eskaini zuela kontuak onartzea errazteko.
Zehaztu dutenez, azaroan, EH Bilduk akordio integral bat aurkeztu zuen, aurrekontuen zuzenketa soiletatik haratago zihoana. “Akordio horrek konpromiso argiak zituen, hala nola San Faustoko Auzogunearen garapena, etxebizitza hutsak alokairu babestura mugitzeko neurriak, eta zaintza- eta ingurumen-politiken aurrerapenak. Halaber, lan-plan bat aurreikusten zuen, epe zehatzekin eta aldizkako jarraipen-bilerekin. Akordio hori bateraezina zen PPrekin aldi berean egindako itun batekin, eta hori berariaz jakinarazi genion gobernuari. Horren truke, EH Bilduk aurrekontuak onartzea erraztuko luke, abstentzioaren bidez “.
Gogorarazi dute EAJk eta PSEk gutxiengoan gobernatzen dutela, eta, beraz, gutxienez abstentzio bat behar dutela aurrekontuak onartzeko. Egoera horren aurrean, bi aukera zituzten: EH Bildurekin adostea, “durangarren bizi-kalitatea hobetzeko eta etxebizitza, zaintza eta ingurumena bezalako gaietan aurrera egiteko”.
Bi aukerak aurkakoak eta bateraezinak ziren, EH Bilduren arabera. “Ez du zentzurik gure zuzenketak norabide batean onartzeak eta, aldi berean, PPren babesa bilatzeak kontrako norabidea mantentzeko”, zehaztu dute.
EH Bilduk azaldu duenez, negoziazioa “norabide onean” zihoala uste zuten. Gobernuak “begi onez ikusten zituen gure proposamenak, eta gu prest geunden bide bateratu bati ekiteko, legegintzaldiari ikuspegi aurrerakoia emateko. Hala ere, azken unean, gobernuak PPrekin akordioa egitea erabaki zuen, alderdi horretako zinegotzi bakarrarekiko menpekotasuna mantenduz “. PPrekin lortutako akordioaren nondik norakoak ezagutzen ez dituztela esan dute, baina, negoziazioetan esan zietenez, “PPk EH Bilduk baino errazago uzten digu”.
Gobernuak “zuzendaritza politikoa aldatzeko eta herritarren benetako beharrei erantzuteko” aukera berri bat galdu duela ikusten dute. EAJk eta PSEk azkenean PPrekin ituna egitea erabakiko balute, “EH Bilduk aurrekontu horien aurka bozkatuko luke. Astebete geratzen da abenduaren 18ra arte, egun horretan bozkatuko baita aurrekontua, eta azken dei bat egiten dizuegu erabakia birplanteatzeko. PPrekin egindako itun hori albiste txarra izango litzateke Durangorentzat “.