Herritar guztientzat irekia izango da eta azaroaren 5ean, asteartea, arratsaldeko 18:30ean izango da Kultur Etxean.
BERRIZ | Kontuan hartuta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) dela udal-plangintzako tresna nagusia, udalerriaren egiturazko hirigintza-antolamendua ezartzen duena, eta, haren sailkapenetik eta kalifikaziotik abiatuta, lurzoruen etorkizuna (erabilera posibleak eta eraikuntza-intentsitatea) eta horiek garatzeko eta gauzatzeko programa finkatzen dituela, Berrizko Udalak urratsak ematen jarraitzen du HAPO berria egiteko.
Horrela, azken udal osoko bilkuran, Berrizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapena eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa onartu ziren jendaurrean jartzeko.
Ildo horretan, eta aurrerapenaren faseari dagokion herritarren parte-hartze prozesuaren barruan, datorren asteartean, azaroak 5, arratsaldeko 18:30ean, Kultur Etxean, planaren erredakzio-taldeak aurrerapenaren nondik norakoak azalduko ditu.
Gainera, aukera egongo da aldez aurretik hitzordua eskatuta, azaroaren 18an eta 25ean eta abenduaren 9an eta 23an 9: 00etatik 12:00etara. Bestalde, azaroaren 18an eta abenduaren 2an eta 16an zita bat adostu ahal izango da 16:00etatik 19:00etara.
Nolanahi ere, telematikoki ere egin ahal izango da, 94 682 75 29 telefonora deituta, 9: 00etatik 14:00etara, eta iradokizunak idatziz erregistratu ahal izango dira, bai HAZen, bai egoitza elektronikoaren bidez.