DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Ziklo-krosa Elorriora itzuliko da asteburu honetan 700 parte-hartzaile baino gehiagorekin

Larunbatean beheko kategorien txanda izango da, eta igandean kadete eta master arteko korrikalariei egokituko zaie.

Proba asteburu honetan izango da
Proba asteburu honetan izango da

ELORRIO | Elorrio herria erreferentzia izan da eta da ziklo-kroszaleentzat, bai bere probaren historiagatik, bai mundu mailako txirrindulariei harrera egiteagatik. Aurten, iaz bezala, ekitaldia Bizkaiko Koparako puntuagarria izango da, eta Euskal Herriko adin guztietako parte-hartzaileak hartuko ditu.

Proben antolakuntzaz Elorrioko Txirrindulari Kluba eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioa arduratuko dira. Atzo prentsaurreko bat egin zen udaletxean, Julene Lazkano alkatea bertan zela. Bi erakundeetako ordezkariek Euskal Herri mailako ezinbesteko lasterketa dela azaldu dute: “Oso garrantzitsua da maila ertaineko probak egitea, batez ere harrobiari begira. Egutegian horrelako hitzorduak jarrita, ziklo-krosa maite duten gazteek aukera gehiago izango dituzte prestatzeko eta hobetzeko; horrek bermatzen du etorkizunean uzta oparoa izatea», azaldu du Zugaitz Ayuso Elorrio Txirrindulari Klubeko kideak.

Joseba Gorostiza klubeko presidenteak taldearen egungo dinamikaren berri eman du: “Ilusio handiko lantalde berri bat sortzen ari gara. Gure aurretik egon diren pertsonek ahalegin handia egin zuten proba honek aurrera egin zezan, eta gaur egungo taldean bide beretik jarraituko dugu, egindako lan izugarri horri ahalik eta hobekien jarraipena emanez. Elorriora mundu mailako txapeldunak etorri dira eta orain, nahiz eta proba maila baxuagokoa izan, etorkizunean internacion probak ekartzeko ilusioari eusten diogu».

Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidentea, Manu Gómez, eskertuta agertu da antolatzaile eta babesle guztien lan eta esfortzu ereduagatik, eta oinarrizko ziklo-krosa osasuntsu dagoela esan du: “Modalitate honek iraganean izan zuen indarraz hitz egiten da beti, baina aitortu behar da gaur egun adin guztietako parte-hartzaile asko eta asko joaten direla probetara, batez ere maila baxuagoetan; iaz, adibidez, kadete mailan inoiz baino parte-hartze handiagoa izan zen Elorrion”.

Julene Lazkano alkateak nabarmendu du Elorrioko «herri biziaren izaera» horrelako ekitaldiak posible egiten dituzten elkarteei zor zaiela: «Aurten ere zuen lana txalotzen egongo gara».

Ohikoa denez, zirkuitua San Jose zelaien inguruan kokatuko da, 2.700 metroko ibilbidearekin. Beheko kartelean kategoria bakoitzari dagokion ordutegia dago.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top