Familiek urriaren 31ra arte eska ditzakete haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzako dirulaguntzak
AMOREBIETA-ETXANO | Aurten ere, Zornotzako Udalak eskola-materiala erosteko laguntzen deialdia ireki du, udalerrian erroldatutako familiei laguntza ekonomikoa emateko.
Horrela, dirulaguntza hau jaso ahal izango dute udalerrian erroldatutako ikasleek, gutxienez, etenik gabeko azken hamabi hilabeteetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloa egiten ari badira.
Ekimen honen helburua udalerriko ikasleen hezkuntza-garapenerako beharrezkoa den eskola-materiala erostetik eratorritako gastuetan laguntzea da. Dirulaguntza hauetarako 30.000 euro erabiliko dira gehienez.
Eskatzaileek 2024ko urriaren 31ra arteko epea dute, eta eskaera Amorebieta-Etxanoko Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan izapidetu ahal izango dute, egoitza elektronikoaren bidez, edo Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako edozein bide erabiliz.
Interesdunek eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Familia Liburua, ikaslearen izenean egindako erosketaren jatorrizko faktura eta, banantze edo dibortzio kasuetan, adingabeei buruzko epai judiziala eta neurrien hitzarmena barne.