Uztailaren 5etik 28ra, plaza, Lariz jauregia, Arespakotxaga lorategia eta Aldapabeitia izango dira musika, dantza eta bestelako ikuskizunen eszenatokiak
ELORRIO | Uda eta kultura uztartzen dituen Musikaire jaialdia indartsu itzuliko da Elorriora, aurten hogeita laugarren aldiz. Ohi bezala, programak askotariko gustuetarako proposamenen eskaintza zabala jaso du, adin guztiak kontuan hartuta.
«Musikaire asko maite dute herritarrek, eta inguruko jende asko ere etortzen da», nabarmendu zuen Julene Lazkano alkateak. Itsaso Basauriren hitzetan, “erreferentziazko jaialdi bihurtu da, eta gero eta ezagunagoa da urteen poderioz. Publiko fidela lortu du, eta sarritan jendea ikusiko duenaren hurbilketa batekin etortzen da, programan konfiantza osoa izanik».
Aitor Iriartek, bere aldetik, gaineratu zuen eskaintza «eklektikoa» dela, estilo askotakoa: «Tokiko taldeak izango ditugu, baina baita Peru, Mexiko edo Marokokoak ere. Gainera, kartela emakume askorekin osatuta dago». Musikaire sortu zuteneko erronka ere ekarri du gogora: «Elorrion kultura ohitura bihurtzea zen kontua, eta asmatu dugula uste dugu, hilabete osoan zehar luzatzen den egitarau anitzarekin».
Ez dira faltako bi klasiko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Dantza Garaikidea. Artista gonbidatuen artean Tapia eta Leturia Band, Olaia Inziarte edo Sara Azurza daude. Eta estiloei dagokienez, jaialdiak Salsa afrobeat, Trikiti, Flamenco, Jazz, Pop, Jazz, Blues edo Rock barietate zabala izaten jarraituko du.
Iaz, Lariz plaza eta jauregia izan ziren emanaldien eszenatokiak. Aurten leku horiek mantendu egingo dira, baina azken astean salbuespen bat egongo da, ikuskizunak Arespakotxaga lorategira eta Aldapebeitia jauregiaren atzealdera eramango baitira.
Programazioa eta agertokiak:
- Uztailaren 5ean, ostirala, 22:30ean, arkupean, Tapia eta Leturia band
- Uztailak 6, larunbata, 22:30ean, arkupean, Marinah de Ojos de Brujo
- Uztailak 7, igandea, 19:00etan, arkupean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots
- Uztailak 12, ostirala, 20:30ean, Lariz Jauregian, Los 300
- Uztailak 13, larunbata, 20:30ean, Larizko Jauregian, Tarwa N-Tiniri
- Uztailak 14, igandea, 20:30ean, Lariz Jauregian, Olaia Inziarte
- Uztailak 19, ostirala, 22:30ean, arkupean, Son Rompe Pera
- Uztailak 20, larunbata, 22:30ean, arkupean, NT La Rosa
- Uztailak 21, igandea, 19:00etan, plazan, dantza garaikidea
- Uztailak 26, ostirala, 20:00etan, Arespakotxagako lorategietan, Kinkfolk
- Uztailak 27, larunbata, 20:00etan, Arespakotxagako lorategietan, Sara Azurza
- Uztailak 28, igandea, 22:00etan, Aldapabeitian, Los Galindos