N-634 errepidearen bi aldeetako geltokiak oinezkoentzako pasabide semaforizatu berri baten bidez lotuko dituzte

ABADIÑO | Udalak Traña-Matienako Laubideta inguruan, San Blas ostatuaren parean, dauden autobus geltokien irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko obrak lizitaziora atera ditu. 290.000 euroko aurrekontua duen proiektuak Bizkaibusen A3512 lineako geltokiei eragingo die, eta N-634 errepidearen bi aldeetan dauden geralekuak modu seguru eta irisgarrian lotzea du helburu.
Kontratuaren eskaintzak aurkezteko 26 eguneko epea ireki da. Esku-hartzeak urteetan auzotarrek egindako eskaerari erantzun nahi dio, gaur egun geltokien artean dagoen irisgarritasun-arazoari irtenbidea emanez.
Izan ere, bi geltokiak beheko pasabide zahar baten bidez daude lotuta, baina azpiegitura horrek ez ditu irisgarritasun unibertsalaren baldintzak betetzen. Horrek erabiltzaile askori mugatu egiten die pasabidea erabiltzeko aukera.
Arazoari aurre egiteko, Udalak hainbat bilera egin zituen 2025ean Bizkaiko Foru Aldundiko sail desberdinekin. Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailarekin aukerak aztertu ondoren, N-634 errepideko 78+820 kilometro-puntuaren inguruan oinezkoentzako pasabide semaforizatu berria egitea erabaki da. Horrela, bi geltokiak zuzenean lotuko dira, azpiko pasabidea erabili beharrik gabe.
Proiektuak beste hainbat hobekuntza ere jasotzen ditu: egungo espaloiak luzatu eta egokitzea, bi metroko zabalera izan dezaten; Laubideta kaletik sarbide berri bat egitea, arrapala irisgarrien bidez; seinale horizontal eta bertikal berriak jartzea; eta eremu osoko argiztapena indartzea, oinezkoen segurtasuna hobetzeko.
Era berean, obrek trafikoan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten neurri zehatzak aurreikusi dira.


