DOT Durangaldea

Enplegu planetarako 455.000 euro gehiago bideratzea onartu du Galdakaok

Zaratari buruzko ordenantzari hasierako onarpena eman zaio eta 30 eguneko epea egongo da orain alegazioak aurkezteko

Udal gobernuaren bi proposamenek aurrera egin dute

GALDAKAO | Bi aztergai nagusi izan ditu Galdakaoko udalbatzarrak urriko osoko bilkuran: lan merkatura sartzeko zailtasun gehien dituztenei ateak zabaltzen laguntzeko enplegu planak, batetik, eta bestetik, herritarrek atsedenerako duten eskubidea aisialdirako aukerekin uztartzea helburu duen arautegiaren sorrera, bestetik. Udal gobernuaren bi proposamenek aurrera egin dute, oposizioaren zalantzekin.

Honakoak dira, zehazki, Galdakaoko udalbatzarrak urriko osoko bilkuran hartu dituen erabakiak:

  • Galdakaon enplegu planak areagotzeko, aurrekontu moldaketa egitea onartu du udalbatzarrak. 455.000 euro gehiago bideratuko dira laneratzeko premia handiena duten galdakoztarrei prestakuntza eskaini eta lan mundurako sarrera errazteko. 24 herritarrek izango dute plan horretan sei hilabeteko kontratuekin parte hartzeko aukera, bi alorretan. Galdakaoko adinekoen etxeetako dinamizatzaile gisa arituko dira batzuk, eta besteak, herriko natura guneak mantentzeko lan taldean.

Aurrez, beste 1.200.000 euro bideratu dira aurten enplegu planen baitako programetarako, eta beraz, guztira, 1.655.000 euro erabiliko dira 2026an, herrian premia handiena duten herritarrak lan mundura sartzea helburu duten planetarako.

EH Bildu, Auzoak, UH eta PSEren aldeko 14 botoekin eta EAJko 6 ordezkarien abstentziorekin hartu da erabakia.

  • Zarata arautzen duen Galdakaoko lehen udal ordenantzaren hasierako onarpenari bide ematea onartu da. Herritarren atsedenerako eskubidearen eta herrian zenbait zerbitzu emateak edo jarduera kultural eta sozialak egiteak dakartzan onuren eta zaraten arteko oreka bilatzea da ordenantzaren helburua eta, horretarako, zarata udal plangintzan zein hirigintza garapenean kontuan hartzea aurreikusten du. Hainbat ikuspegi izango ditu oinarrian zaratari buruzko ordenantzak: prebentzioa, isolamentua, neurketa, jarraipena eta esku hartzea. Gaiak dituen erpin guztiak kontuan hartuta egoera ordenatzeko orain arte egin den lanketaren barruan aurretiazko kontsulta publikoa egin da dagoeneko eta 25 ekarpen jaso dira. Orain, osoko bilkuran hasierako onarpena eginda, 30 eguneko epea izango da proposamenari alegazioak aurkezteko.

Udal gobernua osatzen duten EH Bildu (9 zinegotzi), UH (1) eta Auzoak (2) taldeen aldeko 12 botoekin eta oposizioan dauden EAJren (6 zinegotzi) eta PSEren (2) 8 abstentziorekin eman zaio hasierako onarpena zarataren ordenantzari.

  • Urgatzi enpresak abuztuan eta irailean egindako lanei dagozkien fakturak ordaintzea onartu du udalbatzarrak. Etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duen enpresa da Urgatzi. Lizitazio bidezko kontratua agortu zaio enpresari eta zerbitzu hori ez da berriro lizitatuko, Udalak zuzenean kudeatuko baitu aurrerantzean; munizipalizatu egingo da etxez etxeko laguntza zerbitzua. Trantsizio hori ematen den bitartean Urgatzi ari da zerbitzua ematen eta lan horri dagozkion fakturak ordaintzea onartu du udalbatzarrak gaurko saioan: 317.887,14 euro, abuztuan eta irailean egindako lanengatik.

EH Bildu, UH eta Auzoak taldeen aldeko 12 botoekin, eta EAJ eta PSEren 8 abstentziorekin hartu da erabakia.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top