Udalak ekimenaren berri emango du bere webgunean, sare sozialetan eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan

ABANTO ZIERBENA | Udalak bat egin du Bultzatu Fundazioak laguntza teknikoak biltzeko abian jarritako zazpigarren kanpainarekin.
«Facilitando entornos amigables» lelopean, herritarrei dei egin diete erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden laguntza-produktuak dohaintzan ematera. Bildutako materiala mailegu solidarioen bidez helaraziko zaie behar handiena duten pertsonei.
Kanpainaren bidez, besteak beste, gurpil-aulkiak, ohe artikulatuak eta etxerako garabiak bildu nahi dituzte. Tresna horiek eguneroko jarduerak errazten dituzte, hala nola ohetik jaikitzea, etxe barruan mugitzea edo norberaren burua garbitzea. Horrez gain, erabiltzaileen autonomia sustatzen dute eta zaintza-lanak arintzen dituzte.
Dohaintza egin nahi dutenek 94 440 91 16 telefono-zenbakira deitu edo bat@bultzatu.org helbidera idatzi dezakete. Bide horien bidez, bilketa-guneei buruzko informazioa jasoko dute, baita eremukako bilketa antolatzeko aukera ere.
Etxean bizitzen jarraitzeko aukera
Laguntza teknikoen bilketak etxean ahalik eta denbora gehien bizitzen jarraitu nahi duten pertsonen beharrei erantzun nahi die. Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an 50 urtetik gorako biztanleen gizarte-premiei buruz egindako inkestaren arabera, beren etxean bizi diren adin horretako pertsonen %73,3k etxean jarraitu nahiko lukete etorkizunean mendekotasun-egoeran egonda ere.
Eustaten 2024ko Bizi Baldintzen Inkestak ere agerian utzi du laguntza horien beharra: Euskadiko biztanleen %7,8k zailtasunak dituzte osasun-arazoengatik eguneroko jarduerak egiteko, eta horien artean, %44,8k etxe barruan mugitzeko arazoak dituzte.
Bultzatu Fundazioaren mailegu-sistemak zerbitzu espezializatua eta gertukoa eskaintzen du, egoera zaurgarrienean daudenei lehentasuna emanez. Bizkaian, 2025eko irailetik 2026ko apirilera egindako gogobetetze-inkestaren arabera, erabiltzaileen %95ek adierazi dute jasotako laguntzek nabarmen edo asko hobetu dutela beren bizi-kalitatea edo autonomia. Gainera, inkestatutako guztiek uste dute mailegu-zerbitzua beharrezkoa, oso beharrezkoa edo ezinbestekoa dela.
Abanto Zierbenako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak kanpainaren berri emango du udalaren webgunean, sare sozialetan eta Herritarren Arretarako Zerbitzuko sarrerako informazio-pantailan.


