Udalak hainbat jarduketa egingo ditu Zedelikan, Eukerrian, Las Rinzasen eta El Prado inguruan, eta 1.110 metroko bidegorri zatia ere egokituko du

URDUÑA | Udalak landa-bideen eta sarbideen hobekuntza-lanei ekingo die datozen hilabeteetan, landa-eremuetako konektibitatea, irisgarritasuna eta segurtasuna indartzeko. Jarduketen helburua da bertan bizi direnen zein nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak garatzen dituztenen eguneroko mugikortasuna erraztea.
Besteak beste, Arbietoko zubiraino doan bidegorriaren 1.110 metroko zatian, Zedelikan dauden hainbat landa-sarbidetan, Eukerriako eta Las Rinzasetako zerbitzu-bideetan eta El Prado inguruan egingo dituzte lanak.
Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Xabier Sobronek azaldu duenez, esku-hartze horiek “udalerriko landa-bideen sarea kontserbatzeko eta hobetzeko” urratsak dira. Izan ere, haren esanetan, azpiegitura horiek funtsezkoak dira eguneroko mugikortasunerako eta Urduñako nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari eusteko.
Lanek azpiegituren erabilera-baldintzak hobetzea, joan-etorrien segurtasuna handitzea eta etxebizitzetara, ustiategietara eta landa-lurretara iristea erraztea izango dute helburu.
Beste eremu batzuk
Udalak aurreratu duenez, 2027an beste landa-eremu batzuetara zabaltzea aurreikusten du programa. Horrela, landa-auzoen arteko konektibitatea indartu eta bideen zoruen egoera hobetu nahi du.
Jarduketa horiek egiteko, Urduñako Udalak 60.000 euroko dirulaguntza izango du. Horrez gain, Ruzabalgo Batzarrari emandako beste 60.000 euroko laguntza ere kudeatuko du.
Horrela, Udalaren arabera, inbertsio horiek landa-eremuetako bizilagunen eguneroko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeaz gain, udalerriko lehen sektorearen jarduerari eusteko azpiegiturak indartzea ahalbidetuko dute.


