DOT Durangaldea

Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatuko dute Gernikako Batzar Etxean

1936ko urriaren 7an sortutako lehen Eusko Jaurlaritzaren ondorengo guztien aitortza egingo dute

Ordezkaritza instituzional zabala izango da ekitaldian.

GERNIKA | 1936ko urriaren 7an sortu zen lehen Eusko Jaurlaritza, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuena. Asteazken honetan, 90 urte geroago, urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egingo dute Gernika-Lumoko Batzar Etxean, Imanol Pradales lehendakaria buru izango dela.

12:00etan hasiko den jardunaldian, lehen Gobernu hura eta haren ondorengoak izan zirenak (herbestetik lan egin behar izan zuen Jaurlaritza, Trantsizio garaian aritu zen Eusko Kontseilu Nagusia eta demokraziaren garaiko Jaurlaritza guztiak) aitortuko dira eta 1936tik gaurdainoko haria ez dela eten aldarrikatuko da.

Ekitaldian gaur egungo zein iraganeko ordezkaritza instituzional zabala espero dute, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Imanol Pradales lehendakariak irakurketa instituzionala egingo du.

Jai eguna izango den 2027ko urriaren 7a bitartean, hainbat ekitaldi egingo dira lehen Eusko Jaurlaritza izan zena aitortzeko eta agintari haiek utzitako ondarea balioan jartzeko helburuarekin.

Izan ere, 1936an, Francoren jarraitzaileek Estatu kolpea jo eta gerra puri purian zegoenean eratu zuten lehen Gobernu hura. Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera, alderdi politiko ezberdinetako 10 sailburuk osatu zuten eta Gernikako Arbolaren azpian egin zuten euren karguen zina. Haien agintaldian gaur egun ezagutzen dugun erkidegoaren erakundeen oinarriak jarri ziren. Gerrak aurrera egin ahala, batzuk erbestera joan behar izan zuten eta beste batzuk atxilotu eta fusilatu egin zituzten.

Ekitaldi hauekin, Eusko Jaurlaritzak adierazi du haiek inspiratu zituen printzipioak (demokrazia, askatasuna eta justizia soziala) etorkizunera eraman nahi dituela.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top