DOT Durangaldea

Ainhoa Markinez idiazabaldarrak irabazi du Durangoko Mendi Duatloia

Alexander Ordeñana usansolotarra ere nagusitu zen frogan Durangoko Mendi Duatloiak adin eta maila guztietako kirolariak bildu ditu Tabiran

Durangoko IV. Mendi Duatloia pasadan asteburuan ospatu zen

MENDI DUATLOIA | Tabirako ingurua kirolaren eta festaren erdigune bihurtu zen berriro joan den larunbatean, Durangoko IV. Mendi Duatloia dela eta. Mugarra Triatloi Taldeak prestatutako jardunaldiak adin, gaitasun eta maila desberdinetako pertsonak elkartzea lortu zuen, goizeko haur eta herri-probetatik hasi eta arratsaldeko lehiaketa ofizialeraino.

Goizean zehar giro bikaina bizi izan zen 7 eta 13 urte bitarteko 62 haurren parte-hartzearekin. Ondoren, Duatloi Inklusiboaren txanda heldu zen; bertan 16 kirolarik eta beren familiek ibilbideaz gozatu ahal izan zuten, bakoitzak bere erritmoan. Goizeko saioa amaitzeko, Herri-Duatloian 40 lagunek (21 emakume eta 19 gizon) hartu zuten parte, kirol hau gertutik ezagutzeko aukera izanda.

Arratsaldeko proban

Arratsaldean lehiaketa nagusiari ekin zitzaion, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko hirugarren proba puntuagarrian. Guztira 123 duatletek (53 bakarka eta 70 erreleboka) ikuskizun bikaina eskaini zuten 9 kilometro korrika (+320 m) eta 18,5 kilometro mendiko bizikletan (+700 m) osatutako ibilbide berrituan.

  • Emakumezkoak: Ainhoa Markinez idiazabaldarrak (Lea La Blanca) iazko garaipena berretsi zuen, 2:16:02ko denborarekin proba osoa lideratuz. Bigarren postuan Jone Gomez (2:24:20) sailkatu zen eta hirugarrenean Izarne Maioz (2:27:51), azken hau zirkuituko behin-behineko lider jarri delarik.

  • Gizonezkoak: Alexander Ordeñana usansolotarrak erremontada ikusgarria egin zuen BTT sektorean, lehen trantsizioan seigarren joan ondoren azkenean lehen postua eskuratuz. Aitor San Sebastian izan zen bigarren eta Eneko Gurrutxaga hirugarren (zirkuituko lider berria).

  • Eskualdeko ordezkariak: Tokiko kirolarien artean, Kerman Zurituriza durangarrak bosgarren postu bikaina lortu zuen bakarkako sailkapen orokorrean. Erreleboetan, Antton Belaustegi eta Jon Munitxa abadiñarrak nagusitu ziren gizonezkoetan, eta Naroa Odiaga zein Unai Moran bikote mistoan.

Oso pozik erantzunarekin

Antolatzaileen izenean, Mugarra Triatloi Taldeak balorazio oso positiboa egin du: «Izen-emateek oso harrera ona izan dute eta ehundik gora parte-hartzaile batu ditugu berriro proba ofizialean. Gainera, parte-hartzaileek oso harrera ona egin diote ibilbide berriari». Taldeak azpimarratu duenez, lorpen handiena giro inklusiboa eta adin guztietako kirolariak gune berean biltzea izan da, eta dagoeneko bosgarren edizioa prestatzen hasteko gogoz agertu dira.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top