DOT Durangaldea

García Chuecak trenbide azpiegiturak modernizatzearen alde egin du Basaurin

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Adif Bidebietako geltokian, Basaurin egiten ari den lanak bisitatu ditu

Geltokian 28 milioi euroko inbertsioa egingo da

BASAURI | Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak astelehen honetan bisitatu ditu, Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatuko idazkariarekin batera, Basauriko Bidebieta geltokiko lanak. Estatuko trenbide-administratzailea, Adif, ari da lan horiek egiten, eta Jaurlaritzak Renferen bidez kudeatzen duen C3 Abando-Urduña aldiriko trenen linean emango du zerbitzua geltokiak.

Geltokian 28 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta hiri-ingurunea eta auzoen arteko lotura hobetzeko aukera emango du, eta, besteak beste, barne hartzen ditu bidaiarien eraikin berri bat egitea, trenbide-zabaltza eta nasak birmoldatzea, trenbideen gaineko estaldura-lauza zabaltzea eta seinaleztapenarekin eta trenbide-komunikazioekin lotutako elementu berriak gauzatzea.

Esku-hartzea aldiriko trenen zirkulaziorako azpiegitura modernizatzeko planaren parte da. Plan horren kudeaketa Gobernu zentralak eskualdatu zuen 2025eko urtarrilean, eta bi administrazioek eskualdatzearen negoziazioan adostu zuten Adif egikaritzen ari den 500 milioi euroko pakete hori, azpiegiturak Gobernu zentralaren esku jarraitzen baitu.  García Chuecak adierazi duenez, “denok uste dugu herritarrek XXI. mendeko zerbitzu on bat merezi dutela eta horrek, ezinbestez, azpiegitura bat, behar bezalako geltokiak, trenbideak eta gainegitura dituena, eskatzen duela”, eta, alde horretatik, eskertu ditu “azken urte hauetan Ministerioa eta Adif ematen ari diren pausoak, denok baitakigu lan handia egin behar dela aldiriko trenen zirkulazio-azpiegitura modernizatzeko”.

Bidaiarien eraikin berrian zentratuko den bigarren fasean sartuko den lan hori egiten den bitartean, Abando-Urduña C3 linea zerbitzuan dago, eta maiztasunak murriztuta ditu lan horien ondorioz. Sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak espero duela “azpiegitura horrek laster ematea maiztasunak eta Civis zerbitzu erdi-zuzenak berreskuratzeko aukera”.

Sailburuak nabarmendu duenez, helburu komuna da “garraio publiko hori herritarren mailan egotea eta ziurtasuna, kalitatea, zentzu guztietan irisgarritasuna eta erosotasuna ematea”. Alde horretatik, azaldu du C3 lineak uda honetatik 447 trenak, Gipuzkoako zerbitzutik aldi baterako iritsitako tren irisgarriak, dituela, eta udazken honetan bertan jarriko direla zerbitzuan behin betiko Bizkaiko C3rako. Behin betiko trenak, adierazi duenez, tailerretan daude zirkulatzen hasi haurretik prest jartzeko, eta egungo 446 seriekoak ordezkatuko dituzte. “Herritar asko ari dira dagoeneko trenez ibilbide irisgarriak egiten C3 honetan urte askoan lehen aldiz, eta, irisgarritasun handiagoa lortzeko erakundeek oraindik ere lan handia egin beharko duten arren, nik uste dut bide onean goazela eta dagoeneko jauzi garrantzitsua eman dugula aldiriko zerbitzuaren kudeaketa gure gain hartu genuenetik lehentasuntzat jo dudan gai honetan”, baloratu du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top