DOT Durangaldea

Athleticek denboraldiko lehen porrota jaso du derbian

Azken uneetan berdinketa lortzeko hainbat aukera izan arren

Athleticek denboraldiko lehen porrota jaso du

KIROLAK | Athletic Clubek ezin izan du garaipenik gabeko bolada luzatu eta 1-0 galdu du SD Eibarren aurka Ipuruan. Iñaki Goikoetxearen taldeak korner bat baliatu du markagailuan aurreratzeko: Del Álamok buruz eginiko errematea Astralagaren atearen goiko izkinan sartu da, eta horrek lehoiak berdinketaren bila amaierara arte borrokatzera behartu ditu.

Víctor Martínek zuzendutako taldeak ekimenez ekin dio partidari eta neurketaren kontrola hartzen saiatu da, nahiz eta lehen minutuetan jarraikortasunik gabe egin. Lehen zatian Athleticek izan du baloiaren jabetza handiagoa, baina area barrurako iritsierak urriak izan dira. Jone Amezagak bi atzelariren artean egindako saiakera eta Vilariñok Wellmann atezainaren eskuetara egindako jaurtiketa izan dira lehoien erasoko abagune nagusiak. Etxekoek, berriz, bi jaurtiketa izan dituzte: lehena, Adela Ricok areaz kanpotik egindakoa, eta bigarrena, Samara Ortizek egindakoa, baina baloia goitik joan da.

Aldageletatik bueltan, armaginek erabakitasun handiagoz ekin diote bigarren zatiari eta, korner segida baten ondoren, markagailuko gol bakarra lortu du 56. minutuan. Del Álamok buruz errematatu du baloia Astralagaren atearen goiko izkinara bidaliz, eta atezainak ezin izan du ezer egin.

Golaren ondoren, talde zuri-gorriak aurkariaren areara gehiagotan hurbildu behar izan du. Zuri-gorrien abagune onenak azken uneetan iritsi dira. Pinedok buruz errematatu du, baina atezainak baloia atera du langaren laguntzaz. Ondoren, Oguiza ere saiatu da, baina armaginek marra gainean bertan saihestu dituzte haren bi erremateak.

Azken minutuetan, Athleticek gogor estutu du. Zuri-gorriek korner eta hurbilketa ugari pilatu dituzte, Pinedo etengabe area barrurako baloiak sartzen saiatuz eta Maddi Torrek ere aukera izan du estrategiazko jokaldi batean. Luzapenean, Amezagak berriro behartu du Wellmann esku-hartzera eta, azken txanpan, Pinedok beste erdiraketa bat egin du, Valerok errematatu duena, baina baloia ez da ate barrura joan.

Lehoiak amaierara arte saiatu dira, baina Eibarrek abantailari eustea lortu du eta Athletic Ipuruatik saririk gabe itzuli da.

Datorren igandean, hilaren 27an, Victor Martinen taldean Atletico Madrid taldea hartuko du Lezaman, 12:00etan. Sailkapenean zazpigarren postuan dago Madrilgo taldea, Athleticek baino puntu bat gutxiagorekin. Erronka zaila izango da talde zuri-gorriaren maila neurtzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top