Autobus zerbitzua egongo da eta San Rokeren irudia oinez irtengo da Muntsaraztik goizeko 9:00etan

ABADIÑO – Tradizioak, kulturak eta herri-bizitzak bat egingo dute berriro ere Abadiñon datorren zapatuan, abuztuak 29. Herrialdeko ohitura errotuenetako bat berreskuratuz, Abadiñok San Rokeren Urkiolarako errogatiba ospatuko du, XIX. mendean uztak babesteko eskaera gisa jaiotako eta gaur egun herritarren arteko topagune bihurtu den jai-egunean.
Eguna goiztiar abiatuko da: 9:00etan San Rokeren irudia Muntsaratzeko Andra Mari ermitatik irtengo da boluntarioen sorbaldetan Urkiolarantz. Bidean, Txakurzulon ohiko geldialdia egingo da hamaiketakoa hartzeko, eta 11:30ean meza nagusia egingo da santutegian.
Berrikuntzak
Aurten, mezaren osteko egitarauak berrikuntza interesgarria dakar: 12:12an Abañoko Kantariak taldeak saioa eskainiko du santutegian bertan. Jarraian, 13:00etan, Talde Batuak-eko dantzarien eta Txanbolin taldearen txanda izango da giroa berotzeko. Goizean zehar, gainera, bertaratutakoen artean kilometro zeroko produktuak banatuko dira.
Jardunaldiak herriko jubilatuen bazkariarekin jarraituko du 14:00etan (udal ordezkarien presentziarekin) eta Santi soinujoleak gidatutako txitxarrilloak hartuko du lekukoa 18:00ak arte.
Urkiolarainoko joan-etorriak errazteko, Udalak doako autobus zerbitzua jarriko du: 10:20an irtengo da Muntsaratzetik (Zelaietan eta Traña-Matienan geldialdiak eginez) eta itzulera 18:00etan izango da santutegitik.
Egunari amaiera emateko, festa Txanporta plazara lekualdatuko da 20:00etan. Bertan gisatu-jatea egingo da, Lotxo Taldearen musikak eta dantzak girotuta (euria eginez gero, probalekuan babestuko da ekitaldia).
Udaletik eskerrak eman nahi dizkiete ordekari eta herritar boluntario guztiei —bereziki San Roke sorbaldetan igotzen dutenei— belaunaldiz belaunaldi transmisio hau bizirik mantentzeagatik: “Errogatiba memoria, topaketa eta tradizioa da; gure sustraiak bizirik mantentzeko modu bat”, azpimarratu dute.


