Zornotzarrek lehen zati ona egin dute kategoria bat gorago dagoen aurkari oso on baten aurka

FUTBOL | Urdinek euren bigarren prestaketa partida jokatu dute gaur eta itxura ona eman dute Bilbao Athleticen aurka 0-1 galdu arren. Jon Castrilloren taldea serio eta sendo agertu da neurketaren zatirik handienean.
Zornotzarrek lehen zati ona egin dute kategoria bat gorago dagoen aurkari oso on baten aurka. Izan ere, norgehiagokaren lehen aukera urdinek izan dute Josep Diazen bitartez, baina bere jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Lehen zati orekatu batean, zurigorriek ere pare bat abagune sortu dituzte eta Murgoitioren eskularruekin topo egin dute. Beraz, partida golik gabe iritsi da atsedenaldira.
Bilbao Athleticek bigarren zatiaren hasieran atea irekitzea lortu du, Conderen erdiraketaren ostean Vizcayk buruz egindako erremate on bati esker. Zurigorriak nagusi izan dira bigarren zatian eta gureei korrika egitea eta ordena mantentzea egokitu zaie aurkaria eusteko. Bisitariek aukera bikoitza izan dute 82. minutuan, baina Petralandak bi geldiketa bikain egin ditu. Horrela, lagunartekoa 0-1eko emaitzarekin bukatu da. Hurrengo hitzordua datorren asteazkenean izango da, abuztuaren 12an, 18:00etan, SD Eibar B taldearen aurka, Urritxen.


