DOT Durangaldea

Aldundiak Abadiñoko zainketen ekosistema bultzatzeko 22,5 milioi euroko inbertsio onartu du

Ekosistemak 125 plaza izango ditu adinekoentzat, gaixotasun mental larria dutenentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat

Abadiño
Ekipamenduak 125 plaza izango ditu
ABADIÑO | Bizkaiko Foru Aldundiak urrats berria eman du gaur etorkizuneko Abadiñoko zainketen ekosistema errealitate bihurtzeko. Gobernu Kontseiluak Azpiegiturak erakundeari 22,5 milioi euroko transferentzia espezifikoa egitea onartu du baliabide berri hori eraikitzeko proiektuaren idazketa eta obrak finantzatzeko. Baliabidea foru-erakundearen jabetzako lursail batean kokatuko da, Abadiñoko udalerrian.

Proiektua Foru Aldundiak Durangaldean gizarte-zerbitzuak indartzeko eta pertsonen eta lurraldearen benetako beharrekin lotuago egongo den eta dibertsifikatuagoa izango den zainketa-eredu hurbilagoa garatzeko duen konpromisoaren parte da. Kontua ez da bakarrik ekipamendu berri bat eraikitzea, baizik eta zaintza-modu integralago, komunitarioago eta bizi-egoera desberdinetara egokituago baterantz aurrera egitea. Ikuspegi komunitario hau, gainera, hasieratik ari da eraikitzen, Bizkaiko Foru Aldundiak, Abadiñoko udalaren eta Matia Fundazioaren laguntzarekin, sustatutako erakundeen arteko lankidetza-prozesu baten eta parte-hartze sozialaren bitartez.

Urte hasieran abian jarritako prozesu honen helburua etorkizuneko baliabidea eta bertan biziko diren pertsonak udalerriko bizitzan integratzea da, komunitateari irekitako egoitza-multzo batek eskaintzen duen aukera aprobetxatuz. Prozesu honetan herritarrak, gizarte-eragileak, mugimendu feminista, zaintzaileak, mendekotasun egoeran dauden pertsonak, elkarteak, hirugarren sektorea, ordezkari politikoak eta Abadiñon errotutako eta bertako errealitate sozialarekin konektatutako zaintza ekosistema eraikitzeko interesa duten beste eragile batzuk ari dira parte hartzen.

Martxoan prozesua aurkeztu ondoren hainbat lantalde aktibatu ziren, udalerriaren eta iraupen luzeko zainketen egoeraren lehen irakurketa partekatuan aurrera egiteko aukera eman dutenak. Une honetan ingurunea mapeatu da eta etorkizuneko baliabidea komunitatean integratzeari buruzko AMIA azterketa egin da, ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak identifikatuz, baliabidearen garapena ikuspegi kolektibo batetik bideratzeko.

Etorkizuneko ekipamenduak 125 plaza izango ditu, eta hiru zerbitzu bereiziko ditu, baina euren artean osagarriak direnak: mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitza bat, bizikidetza-unitateetan antolatutako 60 plazarekin; buru-gaixotasun larria dutenentzako egoitza bat, bizikidetza-unitateetan egituratutako 40 plazarekin; eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentro bat, 25 pertsonarentzako edukierarekin.

Onartutako transferentziaren barruan sartzen da, gainera, Azpiegiturak erakundeak ekipamendu sozialerako sarbideak egokitzea. Jarduketa hau egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak sarbide horietarako behar diren lurrak desjabetu beharko ditu.

Inbertsio hau onartzea aurrerapen ekonomiko eta administratibo erabakigarria da zainketen arloko proiektu estrategikoari dagokionez. 22,5 milioi euro hauek Durangaldeko herritarrekiko, laguntza espezializatuak behar dituzten pertsonekiko eta haien familiekiko eta bizikidetza-inguruneekiko foru-konpromisoaren dimentsioa islatzen dute. Baina proiektuaren balioa inbertsiotik harago doa: entzumenetik, erakundeen arteko lankidetzatik eta komunitatearen inplikaziotik abiatuta diseinatzen ari den modua ere funtsezkoa delako.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top