DOT Durangaldea

Elorrioko EAJk babestu egin du alokairuko 54 VPO eraikitzea, baina “ez dira nahikoak”

Jeltzaleek pozik hartu dute udalerrian babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko gaur onartutako hitzamena

Babes ofizialeko alokairuzko 54 etxebizitza eraikiko dira

ELORRIO.— Elorrioko EAJ-PNVk begi onez ikusi du gaur arratsaldeko osoko bilkuran Elorrioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak onartu duten lankidetza-hitzarmena. Akordio honi esker, Goietako lursailak, Aldapebeitia jauregia eta Aldapebeitia Txikia eranskina Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren esku geratuko dira, udalerrian babes ofizialeko alokairuzko etxebizitzak sustatzeko helburuarekin.

Guztira, babes ofizialeko alokairuzko 54 etxebizitza eraikiko dira: 43 Goietan egingo dira, eta gainerako 11ak Aldapebeitia jauregia eta eranskina zaharberrituz lortuko dira. Proiektu honek, etxebizitza beharrari erantzuteaz gain, herriko ondare historiko hori berreskuratu eta herritarren erabilerara bideratuko du.

Alderdi jeltzaleak adierazi du berri “pozgarria” dela Elorriorentzat eta eskualde osoarentzat, etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei alternatibak eskainiko dizkiolako. Halere, neurria beharrezkoa izan arren, “ez dela nahikoa” ohartarazi dute.

EAJ-PNVk osoko bilkurako eztabaidan azaldu duenez, alokairu babestuko proiektu honek ez dio bere kabuz erantzungo herriko gazte eta familia askoren errealitateari. Azaldu dutenez, herritar askok ez dituzte babes ofizialeko etxebizitza bat lortzeko baldintza ekonomikoak betetzen (altuegiak direlako), baina era berean ezin dute merkatu libreko etxe bat erosi edo alokatu, herrian dagoen eskaintza falta erabatekoagatik. Egoera horrek gazte asko herritik kanpo bizitzera behartzen dituela salatu dute, eta tokiko higiezinen agentziek arazo honetaz urteak daramatzatela ohartarazten gaineratu dute “Alokairuko etxebizitza babestua beharrezkoa da eta urrats garrantzitsua da, baina ez du bere kabuz konpontzen Elorrion etxebizitza lortzeko dagoen arazoa”.

Hori dela eta, EH Bilduren udal gobernuari etxebizitza eskaintza berria sortzea lehentasuntzat hartzeko eta sustapen libreak bideratzeko baldintzak errazteko eskatu diote.

HAPOren atzerapena

Bestalde, jeltzaleek kezka handia agertu dute Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapena prestatzeko prozesuak dakarren atzerapenagatik. Plan hori funtsezko tresna da herriaren hazkundea antolatzeko eta etxebizitza berriak sustatu ahal izateko.

Gogorarazi dutenez, udal gobernuak iazko irailerako iragarri zuen planaren aurrerapena, baina urtebete geroago oposizioko taldeek ez dute inolako informaziorik jaso. EAJ-PNVren ustez, honek gobernu taldeak azken hamarkadan etxebizitza politikan izan duen “ekimen eta plangintza falta” islatzen du. “54 babes ofizialeko etxebizitzak berri onak dira eta gure babes osoa dute, baina orain gobernu taldeari dagokio bere lana egitea. Gazteek eta familiek beren bizi-proiektua hemen garatu dezaten, etxebizitza aukera berriak bultzatu, planifikatu eta erraztuko dituen Udala behar dugu”, biribildu dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top