DOT Durangaldea

Durangok interes orokortzat jo ditu Institutuko hobekuntza lanak

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak idatzi du, eta 1.250.000 euroko aurrekontua du, gehi BEZa

Obrak 2026ko azken lauhilekoan hastea aurreikusten da

DURANGO | Durangoko Udalak osoko bilkuran onartu du IES Fray Juan de Zumárraga BHIren hobekuntza integraleko obrak interes orokortzat edo udal-onurakotzat jotzeko proposamena. Aitorpen horrek Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) hobaria aplikatzea ahalbidetuko du, hezkuntza-arloari lotutako jarduera delako eta udalerriarentzat garrantzi berezia duelako. Gainera, Udalak Hezkuntza Sailarekin adostu du ikasleek eskola-orduetan frontoia erabili ahal izatea eta, ordutegi horretatik kanpo, instalazioak herritar guztientzat irekita egotea. 

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak idatzi du, eta esku-hartze integrala aurreikusten du ikastetxeko instalazioak hobetzeko eta hezkuntza-komunitatearen egungo beharretara egokitzeko. Aurreikusitako aurrekontua 1.250.000 eurokoa da, gehi BEZa, eta jarduketa gaur egun izapidetze administratiboaren fasean dago. Obrak 2026ko azken lauhilekoan hastea aurreikusten da.

70eko hamarkadan eraikia, IES Fray Juan de Zumárraga BHI Durangoko erreferentziazko ikastetxeetako bat da. Denboraren poderioz, eraikuntza zein erabilgarritasun-arazoak sortu dira eta, beraz, proiektuaren helburua da ikastetxea ikasleentzat eta hezkuntzako langileentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta funtzionalagoak izango diren instalazioez hornitzea. 

Aurreikusitako jarduketa nagusien artean, frontoiaren estalkia erabat berreraikitzea dago. Gaur egun, iragazketa-arazoek eta mantentze-lanetako zailtasunek espazioa behar bezala erabiltzea eragozten dute. Gainera, barruko harmailak kenduko dira, frontoia handitu eta irisgarriago egiteko; zorua malda berrien bidez berdinduko da, eta Batxilergoko eraikinarekin lotzeko estalitako aterpe berri bat eraikiko da, bi espazioen arteko joan-etorria modu seguru eta irisgarrian errazteko. 

Era berean, ebakuazio-eskailera metalikoaren kanpoko tartea berrituko da, oxidazio- eta irristakortasun-arazoak baititu, itxitura eta material irristagaitz berrien bidez. Ikastetxeko patioetan ere jarduketa integrala egingo da; horretarako, zoladurak berrituko dira, maldak zuzenduko dira, sareta irristagaitzak instalatuko dira, eta irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudira egokitutako arrapalak egingo dira. 

Proiektuaren xehetasunak zehazteko eta obren gauzatze-egutegia adosteko, ikasleengan izan ditzakeen eraginak ahalik eta gehien murrizte aldera, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea duela gutxi bildu da Iasmina Gorroño ikastetxeko zuzendariarekin, Paul Ortiz de Murua zuzendariordearekin eta Iñaki Orbe Bizkaiko Hezkuntzako ordezkariarekin, baita haren taldearekin ere. 

Alkateak nabarmendu du Fray Juan de Zumárraga BHIren hobekuntza integraleko proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren hezkuntza-kalitatearekiko eta eskola-komunitatearen segurtasunarekiko konpromiso partekatua adierazten duela. Azpimarratu du aurreikusitako jarduketek instalazioak modernizatzea ahalbidetuko dutela, eta instalazioen irisgarritasuna, erosotasuna eta segurtasuna hobetuko dituztela, bai ikasleentzat, bai ikastetxeko langileentzat. Era berean, adierazi du ekimena 2024az geroztik Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean lantzen ari direla, bi erakundeen arteko lankidetza nabarmenduz, lanak ahalik eta modu eraginkorrenean eta hezkuntza-komunitateari ahalik eta eragin txikiena eraginez garatzeko. Adierazi duenez, hobekuntza horiek egungo beharretara egokitutako kalitate handiagoko hezkuntza eskaintzen lagunduko dute. 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top