Erakunde arteko Protokoloak 13 kasu erregistratu ditu Durangon; horietatik, 8 genero-indarkeriakoak izan dira, eta 5 familia barruko indarkeriakoak

DURANGO | Durangoko Udalak 2026ko urtarriletik martxora udalerrian artatutako indarkeria matxista eta familia barruko indarkeria kasuei buruzko datuak jakinarazi ditu. Argitalpen honek, beste behin ere, Udalak gardentasunarekin, sentsibilizazioarekin eta emakumeen bizikidetzan eta oinarrizko eskubideetan eragin larria duen arazo baten prebentzioarekin duen konpromisoari erantzuten dio.
Erakunde arteko Protokoloaren esparruan erregistratutako datuen arabera, urteko lehen hiruhilekoan 13 kasu zenbatu dira guztira. Horietatik, 8 genero-indarkeriako egoerei dagozkie, eta 5 familia barruko indarkeria kasuei. Aipatzekoa da 13 kasu horietatik hiru pertsonak ez zutela beren datu pertsonalak lagatzeko baimenik eman; beraz, azkenean 10 espedientek jarraitu dute protokoloaren barruan aurreikusitako ibilbidea. Era berean, baliabide horretan erregistratutako kasuetako bi Indarkeria Matxistaren Unitateak (IMU) ere artatu zituen.
Bestalde, Indarkeria Matxistaren Unitateak (IMU) 6 kasu erregistratu ditu aldi horretan bertan. Zehazki, genero-indarkeriako 4 kasu, familia barruko indarkeriako kasu 1 eta sexu-jazarpeneko kasu 1 artatu dira.
Bi udal-baliabideak kontuan hartuta eta bien artean partekatutako bi kasuak kenduta, 2026ko lehen hiruhilekoko balantze globalak Durangon artatutako 17 kasu islatzen ditu guztira.
Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “kasu bakoitzak oraindik ere presente dagoen errealitate bat islatzen du, eta horrek eskatzen du Udalaren arreta hurbila eta eraginkorra indartzen jarraitzea, emakume bakar bat ere bakarrik senti ez dadin”. Era berean, gaineratu duenez, «Funtsezkoa da detekzioa eta arreta hobetzea, eta sentsibilizazio sozialari eustea, indarkeria matxistarik gabeko bizikidetza baterantz aurrera egiteko».
Udalak gogorarazi du indarkeria matxistaren aurkako borrokak erakundeen eta gizarte osoaren etengabeko konpromisoa eskatzen duela, erantzun kolektibo, irmo eta iraunkorra emateko.
Durangok bat egin du ‘Beldur Barik, gau eta egun’ kanpainarekin
Durangoko Udalak bat egin du Emakundek, EUDELek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek bultzatutako ‘Beldur Barik, gau eta egun’ kanpaina instituzionalarekin, eraso matxistak prebenitzeko eta pertsona guztientzat jai seguruak, libreak eta errespetuzkoak sustatzeko.
Kanpainak indarkeria matxista eguneko edozein unetan gerta daitekeela azpimarratzen du, ez bakarrik gauean, eta herritar guztiei dei egiten die errespetuan, askatasunean eta bizikidetzan oinarritutako jai espazioak eraikitzeko.


