DOT Durangaldea

San Antonioko pasabidea azken fasean sartu da Amorebieta-Etxanon

N-634 errepidearen gaineko azpiegitura berriak hobetu egingo du oinezkoen segurtasuna eta bizitegi-eremuaren eta auzoko enpresa-eremuaren arteko lotura

Ainhoa Salterain, Elixabete Etxanobe y Carlos Alzaga, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatua

AMOREBIETA-ETXANO | Bizkaiko Foru Aldundiak indartu egin du N-634 errepidean mugikortasun seguru, irisgarri eta orekatuagoa lortzeko duen konpromisoa, San Antonio auzoan oinezkoentzako azpiegitura bat eraikita. Izan ere, gune hori bereziki kritikoa da, zirkulazioaren intentsitatea handia delako. Zehazki, lanean ari dira oinezkoentzako gaineko pasabide bat eraikitzeko, igogailu eta guzti, irisgarritasuna bermatzeko. Horrez gain, espaloi berriak eraikiko dira, eta hobekuntzak egingo dira Bizkaibusen geralekuen inguruan.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea amaitzear dauden obrak ikustera joan dira gaur goizean. Obra horiek nabarmen hobetuko dute errepidearen albo banatan dauden bizitegi-eremuaren eta enpresa-eremuaren arteko lotura. Izan ere, bide horretako zirkulazio-bolumena handia da: 20.000 ibilgailu inguru ibiltzen dira egunero, eta, tartean, ibilgailu astun ugari.

Bide-ardatz horretan bide-segurtasuna hobetzeko estrategia jarraituaren barruan dago esku-hartze hori. Azken hamabost urteetan, erakundeek hamar bat jarduketa bultzatu dituzte N-634 errepidearen gune horretan, eta guztira 31,8 milioi euroko inbertsioa egin dute. lurreta, Zornotza eta Zaldibarko bide-segurtasuna hobetzeko egin dira lanak; horietako batzuk gaur egun garatzen ari dira, hala nola Amorebieta-Etxanoko San Antonio edo Zaldibarko zeharbidea. Azken helburua da erantzuna ematea trafiko handia, jarduera ekonomikoa eta pertsonen eguneroko joan-etorriak biltzen dituen errealitate konplexu bati.

Gainera, etorkizunean gauzatzeko helburuaz, Galdakao eta Etxebarri arteko beste hiru jarduketa hasierako fasean daude. Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, obrak, handiak zein txikiak, «ez dira proiektuaren zenbatekoaren arabera neurtu behar, sortzen duten onuraren arabera baizik». Etxanobek hiru testuingurutan kokatu du pasabidea: «Lehenengoa San Antonio da, zeina gurutzatzeko bide seguru eta erosoa den orain. Bigarrena Durangaldea da, pasabide hori N-634 errepidean bide-segurtasuna hobetzeko jarduketei gehitzen zaielako. Eta hirugarrena Bizkaia da. Legegintzaldi honetan, errepideen foru-sarea itsasadarraren azpiko tunelarekin osatzeko helburua ezarri dugu, eta, aldi berean, hiriguneetan trafikoaren inpaktua murrizteko jarduketak egitekoa, hala nola La Avanzadan, Ermuan, Markinan, Txipion edo San Antonion, pasabide honekin».

Bestalde, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak nabarmendu du “jarduketa honen helburua da bide-segurtasuna indartzea eta oinezkoen babesean urrats sendoa ematea, trafiko handiko puntu batean arriskuak murriztuz. Pasabide berriak bidegurutze seguruagoa eta ordenatuagoa ahalbidetuko du, arrisku egoerak ezabatuz eta guztiontzako mugikortasun eredu seguruago baterantz aurrera eginez”.

Eskari historikoa

San Antonio auzoak konfigurazio desberdina du errepidearen alde batean eta bestean: batean, bizitegi-erabilera da nagusi; eta, bestean, jarduera ekonomikoko eremuak daude, hala nola Inbisa enpresa-parkea eta Arania enpresa. Errealitate hori dela eta, ohikoak izaten dira oinezkoen alde batetik besterako joan-etorriak, batez ere autobus-geralekuetara joateko, eta orain arte bide hori ez zen behar bezain segurua. Hain zuzen, pasabidearen eginkizun nagusietako bat da Bizkaibusen erabiltzaileei bermatzea autobus-geralekuetara ahalik eta segurtasun handienarekin iritsi ahal izango direla.

Premia horri erantzuteko, azpiegitura berria errepidearen gainean egongo da, horixe jo baita aukera seguruentzat, dagozkion azterlan teknikoak egin ondoren. Jarduketa horren barruan sartzen da metalezko taula duen gaineko pasabide tiranteduna egitea, eskailera eta igogailua izango dituena, eta errepidearen albo banatan espaloi berriak egitea eta autobus-geralekuen ingurunea egokitzea. Horri esker, erabiltzaile guztientzako ibilbide irisgarria, erosoa eta segurua bermatuko da, arreta berezia jarriz mugikortasun-zailtasun handienak dituztenengan.

Proiektua hilabete barru irekiko da jendeak erabil dezan, eta 1.619.158,04 euroko inbertsioa jaso du, Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak batera finantzatuta. Udalak 200.000 euroko ekarpena egin du, eta pasabidearen eta espaloien titulartasuna eta ondorengo mantentze-lanak bere gain hartuko ditu; foru-erakundeak, berriz, gainerako jarduketa finantzatu du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top